Baztan-Bidasoako Gazte Eguna eginen da azaroaren 10ean Elizondon

TTIPI TTAPA 2007ko azaroaren 7a

Bortzirietatik eta Malerrekatik joateko autobusa antolatu dute

Aitzineko urtean Lesakan egindako bestak izan zuen arrakasta ikusirik, aurten bigarrenez Baztan-Bidasoako Gazte Eguna eginen da Elizondon, azaroaren 10ean. Ekimen honen helburua eskualdeko gazteak elkartzea da, eta Koldo Saenz eta Itziar Torres antolatzaileek adierazi digutenez, aldi berean, «gazteok antolatu eta gure eskubideak borrokatzeko beharra eskualdean zabaltzea».

Hala, egun osoko egitaraua prestatu dute. 10:00etan hasiera ekitaldia eginen da; 11:00etan Erdiz-Bizirik!-en inguruko hitzaldia; eguerdian bazkari herrikoia trikitixa eta euskal kantuekin Gaztetxe parean. Arratsaldean, berriz, Erdizen aldeko manifestazioa eginen da. 19:00etan kalejira fanfarre eta bertsolariekin. Egunari segida emateko, 22:00etan Sexty Sexers, Ufestuek eta Kaskezur taldeek kontzertua eskainiko dute Gaztetxe parean.

Bazkarirako txartelak 12 eurotan salgai paratu dituzte Beran, Lesakan, Arantzan, Sunbillan, Donezteben, Elizondon eta Erratzun. Herri herri joan-etorria egiteko jai busa egonen dela ere iragarri dute antolatzaileek. 08:30ean abiatuko da Beratik, eta Lesaka, Igantzi, Arantza, Etxalar, Sunbilla eta Doneztebetik pasatu ondotik ailegatuko da Elizondora. Itzulera ordua 07:00etan izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun