Kirikoketa besta larunbatean ospatuko da Arizkungo Gamioxarrean

TTIPI TTAPA 2007ko urriaren 31

Larunbat honetan, azaroaren 3an, Arizkungo Gamioxarrean Kirikoketa egunaren edizio berria eginen da Jo ala Jok antolatuta. Hala, Gamioxarrea inguruan eta herrian garatuko den egitaraua prestatu dute. Goizeko 10:00etan hasiera emanen diote egunari, sagardoa egiteko prozesua hasiko da: sagar bilketa eta garraiatzea, sagar-jotzea, patsa-estutzea eta gainerako lanak. 10:30etik aitzinera, herrien barna txistulariak, erraldoiak, Sasternea etxean pintura erakusketa, artisauak, marrakuluak eta bertze hainbat ekitaldi izanen dira. Aldi berean Gamioxarrean hiru atal bereizi dituzte: beheitian, kupeletegian, barra paratuko da eta pintxoak zerbitzatu eta pantalla haundi baten bidez sagardogileen lana segitu ahal izanen da; lehenbiziko pisuan dolarea eta hirugarren toki batean erakusketa izanen da, eta Nafarroako sagardoa dastatzeko aukera. Haurtzaindegi zerbitzua ere izanen da.

Eguerdiko bi orduetan bazkaria eginen da Iñigo Izagirre, Jon Barberena eta Jon Elizegi bertsolariekin. Arratsaldeko 17:00etan txalaparta emanaldia izanen da eta klase ezberdinetako txalaparta hotsak adituko dira: Baigorrikoak, Donapaleukoak, Ziburukoak, Gallartakoak, Errotxapeakoak...

Kalapite taldearen kontzertua

Ilunabarrean dantza herrikoiak izanen dira; arratsaldeko 7etan bokatak banatuko dira eta akitzeko kontzertua Kalapite taldearekin. Egitarau borobila, kirikoketa doinuez gozatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun