«25 urterekin zaila ikusten dut profesionaletarako jauzia ematea»

TTIPI TTAPA 2007ko urriaren 31

Tony HUARTE Amaiurko pilotaria TTIPI TTAPA


• Tony Huarte 25 urteko amaiurtarrak AEBetako selekzioarekin jokatzen du pilotan.

• Bera aita artzain joan zen AEBetara eta bertan sortu zen Tony. Hala, han jaiotzeak AEBetako selekzioarekin jokatzeko aukera ematen dio. Dena den, 12 urte zituenean San Francisco utzi eta Baztanera etorri zen bizitzera.

• Berriki Bartzelonan jokatutako munduko kopan parte hartu zuen eta bigarren gelditu zen. Nazioartean jokatu dituen txapelketa guztiak esperientzia onak izan direla aitortu digu.

Bere lehen pilotakadak AEBetan eman zituen Tony Huarte amaiurtarrak. 12 urterekin Amaiurrera bizitzera etorri eta afizio horrekin segitu zuen. Pilotan hemen ikasi omen zuen baina AEBetan jaiotzeak hango selekzioarekin nazioarteko txapelketetan parte hartzeko aukera ematen dio eta ez du alferrik galtzen: «nik uste ongi aprobetxatzekoa dela». Duela zazpi urte jokatu zuen lehen aldiz AEBetako selekzioarekin eta beti haiekin aritu da. Mexiko, Bartzelona... Munduko txoko andana bisitatu ditu Huartek baina halako txapelketak nazioartean jokatzera ohituta dagoen galdetuta zera erantzun digu: «esperientzia guztiak desberdinak dira. Orain dela zazpi urte Afrikako irla batzuetan jokatu nuen eta ederra izan zen; joan den urtean Mexikon ibili ginen eta hura ere arrunt polita izan zen. Duela gutti, berriz, Bartzelonan emaitza onak lortu ditugu eta kontent nago». Ez da guttiagorako, ez horixe. Izan ere, Bartzelonan bigarren izan zen munduko kopan, Espainiaren gibeletik eta Frantziaren aitzinetik. Horri buruz ere gauza kuriosoa kontatu digu Tonyk: «hiru selekziotan aritu ginenak hagitz hurbilekoak ginen». Espainiarekin aritu zena lesakarra da eta Frantziaren izenean joan zena «nire etxetik 20 kilometrora bizi da». Halakoetan, Tonyren ustetan, «politika alde batera utzi eta pilotaz gozatu egin behar dugu».

Banaka zein binaka. Bietan moldatzen da baztandarra. Eta txapelketa berean bietara jokatzea ere tokatu izan zaio. «Espainia eta Frantzia bezalako selekzio haundiek banaka eta binaka aritzeko adina jokalari dituzte. AEBetan, ordea, lau katu gara eta bietan parte hartu behar dugu». Bartzelonan ere banaka eta binaka jokatu behar izan zuen. Binakakoan lehendabizikoan kanporatua izan zen, eta banaka jarraitu zuen. «Lau selekzio ginen, baina Espainiak gu baino gorago dago, gure gainetik. Horregatik lehia gainontzekoen artean egon zen. Mexiko eta Frantziaren kontrako partidak ez ditut ahaztuko ez».

Pilota mundua nola dagoen ikusita, Tonyk argi du txapelketak bukatzean zer egin behar izaten duen: «Bartzelonan galdu ala irabazi, nik banekien astelehenean lanera joan behar nuela». Ez da erraza profesionaletarako jauzia ematea, ez horixe. Nahiz eta pilotari aunitzen ametsa izan gutti batzuk baitute horretarako aukera. Tonyk 25 urterekin zaila ikusten omen du profesionaletan aritzea, baina hala ere garbi dauka «ateak ez direla inoiz itxi behar».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun