25. urteurrena ospatzeko (1982-2007), urriaren 12a ospakizun eguna izan zuten amaiurtarrek. Herriko plazan bildutakoak Gaztelu mendirat abiatu ziren, txistu eta atabal soinuen laguntzarekin. 12:00etan txalaparta eta txistua soinuarekin, Iban Dufurrena dantzari erratzuarrak aurreskua dantzatu zuen eta Mª Eugenia Urrutiak lore sorta utzi zuen momumentoaren oinetan. Amaiurko Gaztelu taldearen kantuak aditu ziren eta Jesus Urrutiak sarrera egin ondoren Amaiurko alkate Miguel Jose Ariztiak hartu zuen hitza. Alkateak Nafarroaren defendatzaileak gogoan, goratu diren bi monumentoen historia gogoratu zuen (lehenengoa 1932an desegina izan zen) eta gaur egungoa, 1982an eraikia, amaiurtarren, Baztango Udalaren eta lau herrialdeetako Diputazioen laguntzarekin eraiki zela oroitarazi zuen. Alderdi politiko eta elkartetako ordezkariak ere ez ziren falta izan: Virginia Aleman alkatea eta zenbait zinegotzi, Eusko Jaurlaritzako Miren Azkarate, EAko Maiorga Ramirez, NaBaiko Koldo Amezketa, Aranzadi Elkarteko Juantxo Agirre, Pedro Mª Esarte historialari elizondarra… Guztiek gazteluaren errestoak ikusteko aukera izan zuten. Aranzadi elkartea, Udalbideren bidez, eta Baztango Udala eta amaiurtarren laguntzaz, azken bi udatan lanean ari da, historiaren pasarte bat iraganean ez gelditzeko.