Kirikoketaren Eguna izanen da larunbat honetan

TTIPI TTAPA 2007ko urriaren 31

Larunbat honetan, hilak 3, Arizkungo Gamioxarrea etxean Kirikoketa egunaren edizio berria eginen da Jo ala Jok antolatuta. Hala, Gamioxarrea inguruan eta herrian garatuko den egitaraua prestatu dute. 10:00etan hasiera emanen diote egunari, sagardoa egiteko prozesua hasiko da: sagar bilketa eta garraiatzea, sagar-jotzea, patsa-estutzea eta gainerako lanak. 10:30etik aitzinera, herrien barnat txistulariak, erraldoiak, Sasternea etxean pintura erakusketa, artisauak, marrakuluak… izanen dira. Aldi berean Gamioxarrean hiru atal bereizi dituzte: beheitian, kupeletegian, barra paratuko da eta pintxoak zerbitzatu eta pantalla haundi baten bidez sagardogileen lana segitu ahal izanen da; lehenbiziko pisuan dolarea eta hirugarren toki batean erakusketa izanen da, eta Nafarroako sagardoa dastatzeko aukera. Haurtzaindegi zerbitzua ere izanen da. 14:00etan bazkaria eginen da Iñigo Izagirre, Jon Barberena eta Jon Elizegi bertsolariekin. 17:00etan txalaparta emanaldia izanen da, mota desberdinetako txalaparta hotsak adituko dira: Baigorrikoak, Donapaleukoak, Ziburukoak, Gallartakoak, Errotxapeakoak... Ilunabarrean dantza herrikoiak izanen da; 19:00etan bokatak eta akitzeko kontzertua Kalapite taldearekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun