Irailaren 20an Baztango Udaleko idazkariak eta kontu-hartzaileak alkatetzan «behin baino gehiagotan legez kanpoko jokaera eta jarrera irregularrak» antzeman zituztela salatu zuten erregistroan idatzi baten bidez. Alkateak hainbat obra eta lanen esleipena legezko prozedura segitu gabe egin zuela kritikatu zuten idatzian.
«Justifikatuak daude»
Virginia Aleman alkateak, ordea, lehiaketara atera gabeko esleipen horiek «justifikazioa» dutela adierazi du, konponketak eta obrak «lehenbailehen amaitzekoak» zirelako. Gaineratu duenez, «administrazioan ari garen guztiok badakigu legezko administrazio prozedura jarraitzea dela egokiena, baina kasu honetan obrak premiazkoak ziren». Gisa berean, «ikasturtea hasi baino lehen eskoletako konponketek bukatuak egotea nahi genuen, eta hala ere, zenbaitetan ez dugu lortu hala izatea, Erratzun edo Arizkunen, erraterako. Pilotalekuetako obrak ere premiazkoak ziren, eta maiatzeko uholdeen kalteei buruz, zer erranik ez». Hauetako batzuk orain obratan daudela erran du alkateak, eta lehenbailehen bukatu behar direla.
Baztango UPNk, bere aldetik, alkatearen jarrera «eskandalosoa, kezkagarria eta onartezina» dela erran du.