Harrobia bai ala ez: hurbiltzen ari da zirt edo zart egiteko tenorea

ttipi-ttapa 2007ko urriaren 31

Erdiz Bizirik-ek proposatutako herri-galdeketaren aldeko apostuarekin bat eginez Arizkun, Amaiur, Oronoz-Mugairi, Irurita eta Berroetako alkateek prentsaurrekoa eskaini zuten urriaren 23an Iruritan. T

Arrazoi bat edo bertze bat tarteko, Erdizen egin nahi den harrobiaren inguruan erantzun eskaka daude alde desberdinak. Enpresak interes ekonomikoak dituelako, eta Erdiz Bizirik plataforma harrobiaren kontra dagoelako. Plataformak herri galdeketaren aldeko apostua egin du, eta egitasmo horrekin bat egin dute 15 herrietatik bortz herrietako alkatek. Gainerakoen artean denetariko iritziak aurkitu ditugu; gauzak ez daude hain garbi.

Erdiz Bizirik plataformaren egitasmoarekin bat egin, eta Arizkun, Amaiur, Oronoz-Mugairi, Irurita eta Berroetak herri galdeketaren aldeko jarrera azaldu dute. Horretarako, ordea, Baztanen erroldatutako herritarren %10aren sinadura bildu beharko da. Ondotik, herri-kontsulta egiteko erabakia gehiengo osoz hartu beharko du osoko bilkurak; Hori erabakitakoan Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioaren Departamentura joanen da eskaera eta hortik Espainiako Gobernura. Baimena jaso eta hurrengo bortz egun baliodunetan, alkateari dagokio herri-kontsulta deitzea.

15 ordezkaritako bortzek hartu dute erabakia. Baina bertze gainerakoetan, kontu honek urduritasuna sortzen du. Batzuk ez dute galdeketaren inguruan euren ikuspuntua azaltzeko asmorik. Hori da, hain zuzen, Jon Alkasena (Azpilkueta) eta Rafael Olaizola (Elizondo) alkateen kasua. Bertze batzuek, ordea, argi dute herritarren iritzia bildu gabe ez dutela deus azalduko. Almandozko alkatea den Luis Roldanek, erraterako, herritarrei eskaintzeko proposamena, edozein dela ere, Batzar Orokorrak onartzea nahi du. Bide beretik, Santiago Ibargaraik (Erratzu), herriarentzako proposamena Batzar Orokorrean onartu ondotik bideratzea nahi du. Arraiozko Pedro Agerreberek ongi deritzo herri galdeketa egiteari, baina Udalak asmoa babestean eginen omen du hori.

Miguel Jose Ariztia, Amaiurko alkatea

Egitasmo berri bat sortzen denean, aldekoak eta kontrakoak egoten dira, eta jakina, alde bakoitzak arrazoia duela erakusteko mila hanka ateratzen dizkio proiektuari. Bitartean, herritarren nahasmena bertzerik ez da sortzen. Horixe bera da Baztanen gertatzen ari dena Erdizko parajean harrobia egiteko proiektuarekin. Batek arrazoia duela, bertzeak duela, politika, etorkizuna... Baina egun zenbat lagun bizi dira Baztanen abeltzaintza eta nekazaritzatik? Batzuendako lanpostu batzuk bertzeek baino balio gehiago dute? Guretzat denak berdinak dira. Herrietako ordezkariak gara eta 8.000 lagun baino gehiagok osatzen dugu bailara. Herriak erabaki dezala eta behingoz baztandar guztien nahia agertu dadila. Ez al dute merezi baztandarrek errespetua beren iritzia azaldu dezaten horrelako gai serio baten aitzinean? Hortaz, herri galdeketa. Hori da gure proposamena, gure ustez garbiena eta demokratikoena, baztandar guztien onerako. Guk ateratzen den emaitza errespetatuko dugu eta Udalari errespetatzea eskatzen diogu eta bitartean gestio guztiak gelditzea. Baztan ez da Udalarena, Udala da Baztangoa». M.J. Ariztia (Amaiur), Patxi Larralde (Arizkun), Bittor Elizagoien (Oronoz), Peio Obregozo (Irurita) eta Arantxa Zelaia (Berroeta).

Virginia Aleman, Baztango alkatea

Gure proposamenean zehatz eta garbi babesten dugu herriaren nahia bildua izan dadin. Horretarako hiru osagai beharrezkoak erabiliz: bilera informatiboak (aurka ala alde direnak saio hauetan parte hartzera gonbidatuak izanen dira), alegazio proposamenak, adituak diren enpresa baten bitartez jasoko dira eta azken batean, Baztango herri guzietan kontsulta egingo da batzarre eta bozketa pertsonala eginez herriaren erranetara biltzeko gehienen proposamena. Alegazioak argumentuz osatuak eta herriaren gehiengo nahia Magnak proiektua aurkezten badu behar bezala eta tenorez bideratuko dira Batzar Nagusiaren bitartez Nafarroako Gobernura, harat zuzentzen baita, azken batean, proiektuaren erabakia. Gure ardura da aurka direnak nola proiektua onerako diotenek izan dezaten informazioa, babesa eta eskubidea. Ezin dugu ere ahaztu, proiektua aurkeztuz geroz bere bidea egin behar duela, legeak eragiten duen arabera. Guk azkenean ezetz erraten ahal dugu, baina enpresak ingurumen txostena aldeko baldin badu helegitea aurkeztu dezake.

Jaione Irisarri, Erdiz Bizirik

Alkate batzuk presionatuta ikusten dira, batetik Udala, bertzetik. Erdiz Bizirik plataforma, bertzetik jendea... Batzuk beldurra dute eta gure ustez garbiena batzarrak egitea da, herriaren iritzia biltzea. Badakigu alkate batzuk horren alde daudela, bertzeak kontra, bertzeek ez dakitela zer egin... Hemendik alkate horiek animatu nahi ditugu, herri galdeketa bultzatu dezaten. Hala, galdeketaren alde manifestazioa eginen da azaroaren 10ean, 16:30ean. Aurreko manifestazioa oso jendetsua izan zen eta nahiko genuke hau ere izatea, Udalak eta kasu honetan Batzar Nagusiak jendearen artean zer nolako ardura dagoen ikusi dezan. Guk herriak hitza izatea eta erabakitzea eskatzen dugu, eta horretarako garbiena herri galdeketa da. Badakigu jendea proiektu honen alde ere badagoela, baina gure ustez gehiengoa ezezkoa da, eta hori plazaratzeko manifestazioa egitea pentsatu dugu. Udalak herri galdeketaren inguruan ez du deus jakin nahi eta bertze proposamenak ditu, alegazio moduan aurkeztuz herritarren hitza. Uste dugu horrek ez duela indar berdina. Herri galdeketa egiteko Baztanen erroldatuak dauden 18 urtetik goitiko jendearen %10en sinadura behar da. Gero Udalak eta Batzar Nagusiak bere gain hartzea eskatzen dugu.

Jose Antonio Yeregi, Magna

Baztango Udalean proiektua azaldu dugu, eta badaki nolakoa den proiektua eta nolakoa izanen den. Dokumentazioa bera, ordea, guk ez dugu Baztango udaletxean utzi, legeak erraten duena egin nahi dugulako eta horrela, lehendabiziko gauza paperak Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentura eramatea izanen da. Nafarroako Gobernuko teknikari adituak dira proiektua ongi dagoen edo ez dagoen adierazteko eskumena eta ardura dutenak, eta ez Baztango Batzar Orokorra. Guk Baztango Batzar Orokorrari eskatzen dioguna zera da, eta hori izan zen urriaren 1eko bilkuran atera zena: proiektua aurkeztuz gero, —eta horrek ez du esan nahi emanez gero— eta ingurumenaren eta industriaren aldetik, ekonomikoki etasozialki ekarriko lituzkeen aberastasunak azaldutakoan, interesgarria den ala ez den adieraztea, hau da, bere iritzia agertzea. Oraindik ez dugu Nafarroako Gobernuan aurkeztu proiektua, baina proiektuaren nondik norakoak ezagutzen dituzte Udalean. Magnesitas Navarras-ek ulertzen du, gauzak ongi egiteko, modu batera egin behar direla, eta hainbat pauso egin behar direla. Batzar Orokorrak zeozer egiteko denbora behar duela pentsatzen dugu. Alde horretatik, enpresan malguak izaten ari gara.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun