Baztandarren Biltzarra Elkarteak eman du bere azken deialdiaren berri: logotipoa aukeratzeko lehiaketa zabaldu du. Horrekin batera, aurkeztu beharreko lanen oinarriak ere jakinarazi ditu. Lanak aurkezteko epea azaroaren 23an bukatuko da, 12:00etan, eta interesatuek bi aukera dituzte horretarako: Baztandarren Biltzarra Elkartea, 22 P.K. 31700 Elizondo (Nafarroa) helbidean edo Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean utzita (bulego orduetan). Lehiaketa Baztango egileei luzatu diete, eta bakoitzak nahi adina lan aurkeztu ahal izanen ditu. Irabazleak 300 euroko saria jasoko du.
Logotipoak eraman beharreko testua Baztandarren Biltzarra izanen da, eta teknika librea bada ere, azken aurkezpena euskarri digitalean egin beharko da. Gisa berean, logotipo bakoitzaren lau bertsio aurkeztuko dira A4 formatuak: kolorez hondo zuriarekin; kolorez hondo beltzarekin; zuri-beltzez hondo zuriarekin eta zuri-beltzez hondo beltzarekin.
Bertzalde, lan bakoitzak izenburu bat eraman beharko du, eta berarekin gutun azal itxia emanen da; kanpoko aldean logotipoaren izenburua eta barnean egilearen datuak paratuko dira.
Azkenik aipatu, logotipo sarituaren egileak elkartearen esku utziko dituela logotipoaren erreprodukzio eskubideak, eta galarazia geldituko dela logotipoa erabiltzea antolatzaileen baimenik gabe.