Juanjo Atxa pilota irakaslea omendu zuten Elizondoko feria egunean

TTIPI TTAPA 2007ko urriaren 29a

30 urte daramazki Baztan eta Malerrekako pilotari gazteei erakusten

Elizondoko feria egunaren barrenean pilota jaialdia jokatu zen joan den ortziralean eta Juanjo Atxa pilota irakaslea omentzeko aprobetxatu zuen Baztango Udalak.

Lehenik lau terdiaren barrenean aritu ziren Gaizka Otxandorena almandoztarra eta Iturengo Xabier Elizalde. Partidu arraroa eskaini zuten, sakea hartzen zuenak tantu-bolada handiak egin baitzituen. Lehenik, 1 eta 9 aitzinetik jarri zen Elizalde ittundarra, baina Otxandorenak hamarna berdintzea lotu zuen. Berriz ere zazpi tantu erreskadan egin zituen Elizaldek eta 11 eta 18koarekin, bazirudien partidak ez ziola ihesik eginen. Baina Iturengoak zaintiratua izan zuen eta hamar tantu segidan egin zituen Otxandorenak, 21 eta 18 aitzinetik paratu arte. Baina kosta egin zitzaion hogeitabigarrena egitea almandoztarrari. Aitzinetik, hogeitabana berdintzea lortu zuen Elizaldek. Baina honek ez zuen hondar sakea aprobetxatu eta Otxandorenak irabazi zuen, 22 eta 21.

Ondotik, eskuz binakako partida jokatu zen. Profesional eta afizionatu mailen arteko muga horretan dabiltzan pilotariak aukeratu zituzten jaialdirako. Honela, Ordagon ari den Mikel Atxa almandoztarra eta Garfeko Joxe Mari Zezeaga, Garfeko Xabier Altzugarai almandoztarra eta afizionatu mailan, Munduko Kopan zilarrezko domina irabazi berri duen Toni Huarte amaiurtarra izan ziren aurrez aurre. Partida hau nahiko erraz eraman zuten urdinek, Xabier Altzugarai eta Toni Huartek. Altzugaraik izugarrizko erakustaldia eskaini zuen eta 15-16 tantu egin zituen, dejadaz, bi paretakoarekin… Ikusleek txalo zaparrada ederrak eskaini zizkioten eta guziek ahobatez aipatzen zuten, Asegarce edo Aspe bezalako enpresa handiagoetan ere lekua izan beharko lukeela Almandozko aurrelariak. Azkenean, 13 eta 22 irabazi zuten Altzugarai eta Huartek.

Juanjo Atxari omenaldia

Baina bi partida hauen ondotik etorri zen arratsaldeko ekitaldirik hunkigarriena. Izan ere, Baztango Udalak omenaldia eskaini nahi izan zion azken hogeita hamar urteotan Baztan eta Malerrekako pilotarien irakasle izan den Juanjo Atxari. Bere eskuetatik pasatu dira gaur egun profesional eta afizionatu mailan ari diren pilotari gehienak: Iñaki Otxandorena, Mikel Fgoñi, Unai Apeztegia, Iñaki Eskudero, Josu Baleztena, Iñaki Eskudero, Iñaki larralde eta bertze hainbat. Egindako lan guzia eskertuz, Rakel Goñi zinegotziak eta bere ikasle onenetako batek, Iñaki Otxandorenak, oroigarria eskaini zioten Juanjo Atxari. Ongi merezitako omenaldia, azken hiru hamarkada hauetako lana, nolabait eskertzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun