Elizondoko feriak ospatu dira ortziralean. Goiz goizetik hainbat bisitari hurbildu dira eta Merkatuko Plazako aziendak ikusteaz gain, karrikaz karrika postuak ikusi eta zenbaitetan erosten ere ibili dira. Azkeneko urteetan bezala, azienda aunitzik ez da izan. Hori bai, urtero bezala Baztan Ikastolak pottoka bat zozketatu du, aurtengoa Urruska baserritik ekarria. 2.749 zenbakiari egokitu zaio eta Baztan Ikastolattik aipatu dutenez, gaur berean saldu da Elizondon. Zenbaki hiorren jabeak 948 452106 telefonora deitu behar du.
Aziendak alde batera utzita, Elizondoko karrikak salmenta postuez beteak ageri ziren. Gisa guzietako salgaiekin batera, herriko zenbait talde, elkarte eta ikastetxek ere beraien postuak paratu dituzte, Baztan Rugby Taldeak edo Lekarozko Institutuko ikasleek, bertzeak bertze.
Nekazaritza tresneriari dagokionez, aziendak eramateko erremolkeak edo potentzia handiko traktore bikainak ikusgai izan dira.
Xorroxin Irratiaren inaugurazioa
Hain egun seinalatua aprobetxatuz, Xorroxin Irratiak bere bulego berriaren inaugurazio ekitaldia ere egin du. 26 urteko ibilbidearen ondotik, lehen aldiz bere egoitza propioa dauka Xorroxinek. Ekitaldian kantariek, bertsolariek eta bertze hainbat pertsonai ezagunek hartu dute parte, baita karrikatik pasatzen ziren bertze hainbertzek ere.