Ortziralean, urriaren 26an eta larunbatean, hilaren 27an ospatuko dira Elizondoko feriak. Gaur egungo feriek ez dute zerikusirik garai batekoekin, baina egia dena da, aunitz jende hurbiltzen dela Elizondora ferien aitzakian.
Garai batean zioten ortziralean gizonen feria zela, izan ere, egun horretan gizonek tratua egiten zuten azienda erosteko edo saltzeko. Baina geroz eta buru gutxiago ikusten dira Elizondoko Merkatuko plazan. Larunbatari “atso feria” erraten zaio. Gizonek bezperan ongi feriatu ondotik, larunbata izaten zuten beraien eguna. Baina gaur egun gauzak ez dira horrela eta bai ortziral eta bai larunbatean gizon-emakumeak ikusten dira. Batzuk errepikatu eta guzti egiten dute eta bi egunetan Elizondoko karriketan aurpegi berak ikus daitezke. Duela zenbait urte turroia erosi eta etxera eramaten zuten eta mutil gazteeik neskei oparitzen zieten dantza baten truke. 2007an gaude eta begi bistakoa da, honelakoak, aspaldikoak direla.
Elizondoko herriak antolatzen ditu feriak, bai udazkenean eta baita udaberrian ere. Herriak postuak jartzeko tokiak salgai jartzen ditu, zehazki, metro linealak eta aurten bakoitza 18 eurotan jarri dute bi egunetarako. Denetara 1.000 metro lineal markatu zituzten asteazkenean eta dagoeneko ferianteak herrira iritsi dira. Lehenago ferianteak Elizondora iritsi eta postuen enkantea izaten zen, gehienek toki hoberenak nahi izaten bait zituzten. Baina gaur egun dena modernizatu da eta ordainketa banku bidez egiten da. Ferianteak aurreko urteko postua edo beste edozein nahi badu, urriaren 15a baino lehen deitu beharko du eta bere aukeraketa egin.
Egitarau zabala
Egitarauari dagokionez, goizeko 9:30erako azienda Merkatuko plazan jarriko dute eta laxoako frontoian makinaria. Gainerako postuak Elizondoko kaleetan zehar egonen dira: Jaime Urrutia, Foruen enparantz, Abesbatzaren enparantza, Axular eta Giltxaurdi. Postu hauek goizean zabaldu eta arratsaldeko 20:00ak arte ikusgai egonen dira. Arratsaldeko 17:30ean Ordago enpresak antolatutako jaialdia izanen da Baztan frontoian. Ekitaldi berezia izanen da Juanjo Atxa omendua izanen baita. Bi partida iragarrita daude jaialdiaren barne. Lehenik lau terdiaren barne Elizalde eta Otxandorena ariko dira eta ondotik, bikotekakoa jokatuko dute Alzugarai eta Tony Huartek, Atxa eta Zezeagaren aurka. Larunbatean azienda eta tresneria kendu, baina gainerakoa berdin mantenduko da. Gainera, badirudi gaur egun larunbata dela slmentakaro egunik hoberena. Baina badakizue, saltzaileak beti arrenkuraka aritzen direla, deus saldu ez dutela erranez.