Gurasoak arizkundarrak ditu, baina San Franciscon jaio zen Tony Huarte. Tonyren aita artzain joan zen Ameriketara eta familia osatuta, orain 12 urte sorterrira itzultzea erabaki zuten. Tonyk Munduko hiru txapelketa jokatu ditu, lehena Reunion uharteetan 22 urtez azpikoan, bigarrena Iruñan 2002. urtean eta hirugarrena iaz Mexikon. Urriaren 6tik 13 Bartzelonan 36 metrotako frontoian IV. Munduko Kopa eta zesta puntako 22 urtez azpiko VII Munduko txapelketa jokatu da. 36 metrotako Munduko kopari dagokionez, 4 modalitate ohikoenak bildu ditu: eskuz banaka eta binaka, paleta larruzko pilotarekin eta pala motza. Kopa honetan parte hartu dute 2006an Mexikoko txapelketan lehen lau tokietan sailkatutako herrialdeek.
Pala motzean honakoak lehiatu dira: Espainia, Frantzia, Mexiko eta Kuba Paleta larruzko pilotarekin Espainia, Frantzia, Mexiko eta Argentina. Eskuz banaka eta binaka: Espainia, Frantzia, Mexiko eta Ameriketako Estatu Batuak.
Katalunian pilota hagitz errotua dagoen kirol modalitatea da. XX mende hasieran ofizialki praktikatzen hasi ziren eta Kataluniako federazioa 1924. urtean sortu zen. Ziur aski, gaur egun, modalitate gehien praktikatzen den erkidegoa da: herramienta, eskuz trinketean eta 30 metrotan gomazko modalitate guztiak.
Urriaren 13an amaiera eman zitzaion aipaturiko txapelketari eta Estatu Espainiarrak urrezko lau dominak eraman zituen. Eskuz banaka Espainiako Aio 22-9 nagusitu zitzaion Estatu Batuetako Tony Huarteri. Paleta larruan Espainiako Caballero eta Skufka 35-22 gailendu ziren Argentinako Villegas anaien aurka. Eskuz binaka Ongay eta Iparragirre leitzarrak urrea eraman zuten eta pala motzean Zozaia lesakarrak eta Erburuk.Tony Haurtek zilarrezko domina ekarri du etxera eta nahiz eta Baztanen bizi, bi nazionalitateak mantentzen ditu.