Baztango alkatetzak hainbat obren esleipena lehiaketara atera gabe egin duela salatu dute Udaleko idazkariak eta kontu-hartzaileak

TTIPI TTAPA 2007ko urriaren 23a

Virginia Aleman alkateak obrak premiazkoak zirela argudiatu du

Joan den irailaren 20an Baztango Udaleko idazkariak eta kontu-hartzaileak alkatetzan “behin baino gehiagotan legez kanpoko jokaera eta jarrera irregularrak” antzeman zituztela salatu zuten erregistroan idatzi baten bidez. Alkateak hainbat obra eta lanen esleipena legezko prozedura jarraitu gabe egin zuela kritikatu zuten idatzian. Obra horien artean daude, bertzeak bertze, maiatzeko uholdeek eragindako kalteen lanak eta eskoletako konponketak.

Virginia Aleman Baztango alkateak, ordea, lehiaketara atera gabeko “esleipen horiek justifikazioa dutela” adierazi du, konponketak eta obrak “lehen bailehen akitzekoak eta beharrezkoak” zirelako. Gaineratu duenez, “administrazioan ari garen guztiok badakigu legezko administrazio prozedura jarraitzea dela egokiena, baina kasu honetan obrak premiazkoak ziren”. “Ikasturtea hasi baino lehen eskoletako konponketek bukatuak egon behar zuten, eta hala ere, zenbaitetan ez dugu lortu, Erratzun edo Arizkunen, erraterako. Pilotalekuetako obrak ere premiazkoak ziren, eta maiatzeko uholdeen kalteei buruz, zer erranik ez”. Hauetako lan batzuk orain obratan daudela adierazi du Alemanek, eta gehienetan lehenbailehen bukatzea beharrezkoa dela.

Baztango UPNek, bere aldetik, alkatearen jarrera “eskandalosoa, kezkagarria eta onartezina” dela erran du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun