Erdizko harrobiari buruzko herri galdeketa egitea nahi dute bortz herrietako alkateek

Goizalde URDANPILLETA 2007ko urriaren 23a

Arizkungo Patxi Larralde, Amaiurko Miguel Jose Ariztia, Oronozko Bittor Elizagoien, Iruritako Pello Obregozo eta Berroetako Arantxa Zelaiak eman dute prentsaurrea. TTIPI TTAPA

Astearte eguerdian Iruritako Gizarte Bilgunean Baztango bortz herrietako alkatek prentsaurrekoa eskaini dute. Zehazki, Arizkungo Patxi Larralde, Amaiurko Miguel Jose Ariztia, Oronozko Bittor Elizagoien, Iruritako Peio Obregozo eta Berroetako Arantxa Zelaiak. Bittor Elizagoienek aurkezpena egin eta prentsaurreko honen arrazoiak agertu ditu. Izan ere, alkate hauek azkeneko Batzar Orokorra akitu baino lehen zutitu eta ganbara utzi zuten. Erdiz inguruan Magnak egin nahi duen harrobiaren gaiarekin zein proposamen dituzten azaldu nahi izan dute jendaurrean.

Miguel Jose Ariztiak azkeneko Batzar Orokorrean gertatutakoa aztertu du. Orduan, Magnak Erdizen harrobia egiteko duen proiektuari erantzuna emateko, alkateak Nafarroa Bairn proposamena aurkeztu zuen. Proiektuak Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuaren oniritzia jasoz gero, behar diren lizentziak eta baimenak emate proposatzen zuen eta herritarren iritzia alegazio moduan aurkeztuko zen. Amaiurko alkateak aipatutakoaren arabera, “alkateak egindako proposamena bozkatu behar genuen nahitanahiez, herrietako batzarrak kontsultatu gabe, proposamena ez baitzegoen gai-zerrendan. Herrietako alkateen proposamen alternatiboak ez ziren kontuan hartu. Gure hitzak ez badu balio, zer egiten dugu Batzar Nagusian? Horregatik eta alkate-anderearen autoritarismoa ikusita Batzarretik ateratzea erabaki genuen».

«Herriaren iritzia jakiteko herri galdeketa egin behar da»

Azkenik, Peio Obregozo Iruritako alkatea mintzatu da eta honek, herriak erabakitzeko duen eskubidea mahai gainean jarri du. Izan ere, berak adierazi duenez, gure herrietan badira Erdizko harrobiko proiektuaren aldekoak direnak, badira kontrakoak direnak, eta ez dugu guk zertaz erabaki behar holako egitasmo edo proiektu garrantzitsu bati baiezkoa edo ezezkoa erratea. Ez gara inor baiezkoa edo ezezkoa emateko. Ez Batzar Nagusia ezta udal korporazioa osatzen duten 13 lagunak ere. 8.000 bizilagun baino gehiagok osatzen baitu gure bailara. Herriak erabaki dezala eta behingoz baztandar guzien nahia agertu dadila”.

Komunikabide ezberdinetako kazetariez gain, herritar multzo bat hurbildu da agerraldira eta hauek ere bere kezkak eta galderak egin dituzte. Herri galdeketa egin ahal izateko herritarren sinadura beharrezkoa da eta horretarako jendeak sinadura eman dezake Baztango udalean bulego ordutegian edo agerraldira hurbildu diren alkateei emanez. Erreferenduma egingo da erroldaren %10ak sinatzen badu. Alkateek uste dute erreferenduma dela aukera hoberena, demokratikoena eta legalena. Behin eta berriz errepikatu dute Baztan ez dela udalarena, udala dela Baztangoa. Herriak harrobiaren aldeko apustua egingo balu, beraiek errespetatuko luketela adierazi dute, baina ez dakite zer gertatuko litzatekeen baietza atera ezkero, alegiak udalak zer egingo lukeen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun