Amaiurko oroitarria berreraiki zuteneko 25. urteurrena ospatu zuten urriaren 12an

TTIPI TTAPA 2007ko urriaren 15a

Nafarroako Erresumaren alde borroka egin zutenak omentzen ditu monolitoak

25 urte joan dira Amaiurko Gaztelu mendian 1522an Nafarroako Erresumaren alde borroka egin zutenak omentzeko monolitoa berreraiki zutenetik. 1982ko urrian izan zen hori; 1931n hondatu zena ordezkatu zutenean, hain zuzen. Egun hura gogoan, inauguratu zutenetik 25 urtera, festa handia egin zuten urriaren 12an Amaiurren. Eguraldi ona lagun herriko plazatik abiatuta, Gaztelurako bidea egin zuten hirurehunen bat lagunek, gaiteroen eta txistularien doinuen erritmoan. Ikurrinak, Nafarroako banderak eta arrano beltzen bat ere bazeramatzan jendeak. Behin oroitarriaren ondoan, omenaldia hasi zen.

Herriko gazte batek, idi adarrarekin deiadar eginez, omenaldiaren hasiera iragarri zuen. Txalapartaren soinuak hartu zuen lekukoa, eta txistulariek Nafarroako ereserkia jo zuten. Ez zen hor bukatu musika. 1522an Nafarroako Erresuma defendatzen aritu zirenen adorea goraipatzen duen abesti bat kantatu zuen Amaiurko Gaztelu taldeak, omenaldirako Jexux Urrutia Amaiurkoak bereziki asmatua. Ondoren, Migel Joxe Ariztia Amaiurko alkateak hartu zuen hitza. Alkateak ondoan izan zituen hainbat politikari: Virginia Aleman Baztango alkatea, Nafarroa Baiko Koldo Amezketa eta Maiorga Ramirez eta Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua. Jendartean Batasuneko Patxi Urrutia eta Nabarraldeko hainbat kide ere izan ziren, tartean Tomas Urzainki eta Pedro Mari Esarte.

Migel Joxe Ariztia, Amaiurko alkatea: “500 urteren ondotik, borrokan segitzen dugu” Amaiurko monolitoa Nafarroako independentziaren alde borrokatu zirenen alde egindako oroitarria dela gogoratu zuen alkateak. 1522ko uztailaren 15etik 19ra Nafarroako Erresuma Albret dinastiarentzat berreskuratzeko asmoarekin Amaiurko gazteluan gorde ziren 200 lagun, horien artean Juan eta Miguel Jaso, Frantzisko Xabierkoaren bi anaia. Mirandako kondeak gidatzen zituen Gaztelako tropak, eta 10.000 lagunek gaztelua inguratu zuten. «Nafarrak inguratuta, goseak eta egarriak, etsia hartu arte eduki zituzten», esan zuen. Nafarroako Erresumaren alde borrokatu ziren 200 gudariak «errespetua eta askatasuna zer diren» erakutsi zituztela azpimarratu zuen alkateak. Monolitoa askatasunaren eta errespetuaren sinbolo gisa definitu zuen Ariztiak. «500 urte joan dira askatasuna kendu zigutela, eta borrokan segitzen dugu askatasunaren aurkako erasoak jasan arren».

Ondoren, gazteluan hil zirenak gogoan, lore eskaintza egin zen eta monolitoaren eskaileran lore sorta jarri zuen Amaiurko Maria Eugenia Urrutiak. Ekitaldia, hasi bezala, musikarekin akitu zen, txalapartarekin eta irrintzi batekin. Monolitotik jaistean, herriko plazan, Baztango mutil-dantzak dantzatu zituzten. Ondotik, herri bazkaria egin zuten herriko ostatuan. Piperrada eta zikiroa jan zituzten otordura bildutako 150 lagun inguruk, giro paregabean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun