Los Tigres del Norte talde mexikarrak kontzertua eskaini zuen ortziral goizaldean Elizondoko Lur aretoan eta Mexikoko “sombrero norteñoa”ren ordez, euskal txapela jantzi zuten. Mexikon sortu arren, aita Arizkungo Pordoineneakoa duen Julian Istilart-ek egin digu kontzertuaren argazkia eta kronika:
Traje urdin barrokoekin, kokodrilo larruzko botekin eta urrezko kateekin jantzirik, urtean 150 milioi dolar fakturatzen dituen “narkokorrido” taldeak goizaldeko ordubata aldera hasi zuen kontzertua eta bi ordu terdiz etengabe dantzan jarri zituen jarraitzaile sutsuak. Mexikoko Pacifico aldeko zonalderik beisboleroena dem Sinaloako Rosa Moradako boskoteak bere lehen balazoa, “El jefe de jefes” bota zuenetik, Lur aretoan gaua borobila izanen zela suma zitekeen. Tigre nagusiak, Jorge Hernandezek, entzuleak sakelean sartu zituen euskal zapela jantzi zuenean, Baztango aitetxi bat balitz bezalaxe. Los Tigres del Norte taldeak Elizondon eskaini zuen kontzertuaren ondotik, Lugo, Bartzelona, Bilbo eta Madrilen zituen hurrengo kontzertuak.
“La camioneta gris”, “Contrabando y traición”, “La puerta negra”, “La tumba falsa” edp “Golpes en el corazón” kantuek oihartzuna izan zuten jendez lepo zegoen aretoan. Egia da ez zuela taldeak Kalifornian betetzen dituen futbol amerikarreko zelaien itxurarik, baina soinua bikain aditzen zen eta garagardoak bi euroan eros zitezkeen, sarrerako 27 euroak amortizatuz. Kamikazeren bat edo bertze eszenalekura ere igo zen. Hogeita hamar kantu baino gehiagoko errepertorioa bere klasikoetan oinarritu zen, “Detalles y emociones” azken diskoan baino gehiago. Diska honetan ageri da “El muro”, Estatu Batuetako gobernuak Mexikorekin duen 3.200 kilometroko mugan eraikitzen hasi den harresiari buruzko kantua. Jorge Hernandezen ustez, “honekin kontrolatzen zailagoa izanen den gizartea lortuko da. Orain arrazaren arabera sailkatzen ari dira eta lehen baino arrazakeri gehiago dago. Belaunaldi berriek gu ailegatu ginenean baino arrazakeri gehiago somatuko dute. Harresia arras tristea da duela 30 urte ailegatu ginen gurasoendako”.
35 milioi kopia, lau Grammy sari
Mexikoko “Expansion” aldizkari ekonomikoaren arabera, Los Tigres del Norte Inc Mexikon erregistratutako enpresa balitz, herrialdeko 300 enpresa garrantzitsuenetakoa izanen zen. Lau Grammy sari irabaziak dituzte eta 35 milioi kopia baino salduak. Horretaz gain, bere izena daraman karrika Chicagon eta Los Angelesen egun ofiziala ere badute, maiatzaren 26a. Taldearen jantziak ikusgai daude Smithsonian Instituten. Halere, beraien jarrera ez da ohiko rock starrena, dantzaldia egiteko kontratatzen den mariatxi taldearena baizik. Ez da ohikoa talde handi batek entzuleen eskariak dituzten paperak biltzen edo jendea beraiekin batera kantatzeko oholtzara igotzen laguntzen ikustea. Beraz, bizi luzea Tigreei, jefeen jefeei eta Viva Mexiko!