Magna enpresak Erdizen eraiki nahi duen harrobia dela-eta, eztabaidak bizi bizi segitzen du Baztanen. Baztango Batzar Orokorra urriaren 1ean bildu zen urtean lautan egiten duen bilkura egiteko eta, bertzeak bertze, harrobiaren gaia izan zuen mahai-gainean. Baztango Udalean gehiengoa duen NaBai alderdiak Magnesitas de Navarra SA enpresak egindako lanak hasteko eskaerari erantzutea proposatu zuen, Udalak eta Junta Generalak harrobiaren inguruko bere jarrera azaldu zezaten.
Hala, proiektuari buruzko Ingurumen Inpaktuaren deklarazioa izeneko ikerketak aterako lituzkeen ondorioen arabera jokatzea proposatu zuen NaBaik. Ingurumen txostenak proiektua onartzen badu, obrak egiteko baimenak eta lizentziak emanen direla argitu zuen Virginia Aleman Baztango alkateak. Hori egitea Udalaren eta Junta Generalaren ardura dela gaineratu zuen. Batzar aretoan bildutako Erdiz Bizirik plataformako eta ezker abertzaleko kideen artean, ordea, protestak eragin zituen alkateak errandakoak eta harrobiaren aurkako euren jarrera berretsi zuten. Plataformaren hitzetan, NaBaik ez zuen ordura arte bere asmoa erakutsi, eta tarterik utzi gabe bozkatu nahi izan zuen. Hala, proiektuaren inguruko inongo akordiorik gabe amaitu zen bilera. Baztango ANV-EAE ohar baten bidez, Baztango NaBai taldeak «baztandar guztiei iruzur egiteko saiakera egin zuela» salatu zuen, eta hiru eskaera luzatu zizkieten NaBai eta UPNri: «beren alderdi interesak alde batera utzi ditzaten, Baztango herritarren iritzia aditu eta errespetatu dezaten eta baztandarren alde lan egin dezaten». Guztia, «Erdizek Bizirik iraun dezan».
Baztango EAJ-PNVk, bertze ohar baten bidez, protesta egin zutenen «jarrera lotsagarria» izan zela salatu zuen, eta «irainak eta akusazio faltsuak» egin zirela kritikatu. EAJ-PNVk Virginia Aleman alkateari bere babesa eskaini zion, eta plenoan duintasunez jokatzeagatik zoriondu.
Magnaren proiektua oraindik ez dute Nafarroako Gobernuaren Ingurumen Departamentuan aurkeztu, eta Udalak, bere aldetik, herritarren parte-hartzea bultzatzeko egitasmoa abian paratuko duela erran zuen Virginiak, jendeari informazioa eman eta kexak biltzeko.
Herri galdeketa egiteko proposamena
Joan den urriaren 5ean, Erdiz Bizirik plataformak Arizkunenean deituriko batzarrera jende aunitz hurbildu zen. Batzar hau Batzar Orokorra baino lehen egitekoa zen, baina Batzar Orokorrean gertatutakoa ikusirik, interes haundiagoa zekarren.
Batzarrean, azken asteetan gertatutakoa azaldu zuten, beren arrazoiak eta etorkizuneko jarrera zein izanen ziren argituz.
Batzar Orokorra egin eta biharamunean, Nafarroako bi egunkaritan argitaratutako informazioari aurre egiteko ohar bat kaleratu zuten, bi egunkari horietan «zentsuratuak» daudelakotz.
Erdiz Bizirik-ek herri galdeketaren aldeko apostu garbia egin zuen: «baztandarrok erabaki dezagun harrobia bai ala ez, herri galdeketaren bidez. Erdiz gurea delakotz, eta ez dezaten erabaki hori Iruñean edo hemendik kanpo hartu». Aldi berean, NaBai alderdiaren jokaera eta komunikabideetan egiten ari diren informazio erabilera salatu zuten plataformakoek.