Batasuneko Mahai Nazionaleko 23 kide atxilotu zituen urriaren 4ko arratsean Seguran (Gipuzkoa) Espainiako Poliziak, Baltasar Garzon Audientzia Nazionaleko epailearen aginduz. Atxilotu horien artean zeuden Patxi Urrutia amaiurtarra eta Elizondon etxebizitza duen Juan Joxe Petrikorena. Atxilotu eta biharamunean, Urrutiaren Amaiurko etxea miatu zuen poliziak, baita Petrikorenaren Elizondoko etxea ere.
Urriaren 7an, igandean, deitu zituen deklaratzera atxilotutakoak Garzonek Madrilgo Audientzia Nazionalean, baina atxilotuetatik 20k uko egin zioten epailearen aitzinean deklaratzeari. Epaileak 23 lagunetik 17 kartzelara bidaltzea agindu zuen; bi aske utzi zituen inongo baldintzarik gabe, eta lau bermepean aske. Azken horien artean dago Patxi Urrutia amaiurtarra ere. 24.000 euroko bermea ordaintzeko aste bateko epea eman zion Garzonek Urrutiari. Juan Joxe Petrikorenari, berriz, baldintzarik gabeko espetxe-zigorra ezarri dio, «ETA erakunde armatuko kide izatea» eta «lehenago egindako delitua berriz egitea» leporatuta. Petrikorena eta bertze 16 kideak Soto del Real (Madril) espetxera bidali ditu.
Erreakzioak
Euskal Herrian ez ezik, nazioartean ere oihartzun haundia izan dute azken atxiloketek. Gisa berean, eskualdeko talde politiko batzuek ere berehala eman zuten atxiloketen inguruko euren iritzia. Baztango EAE-ANVk atxiloketak salatu egin zituen. Baztango EAJ-PNV alderdiak ere Patxi Urrutia amaiurtarraren atxiloketarekiko «ezadostasuna» azaldu zuenprentsaohar batean, eta Urrutiaren eskubideak bermatzeko exijitu.