Urriaren 1ean izandako Batzar Nagusian, Baztango NaBai taldeak baztandar guztiei iruzur egiteko saiakera egin zuen. Magna enpresa multinazionalak Erdizko proiektua babesteko erabakia irailean bertan har zezan eskatu zion Baztango Udal eta Batzar Nagusiari. Irailaren 26an, Erdiz Bizirik plataforma Batzar Nagusiko kideekin bildu zen. Bilera horretan erreferendum bitartez baztandarren iritzia jasotzea proposatu zen eta Batzar Nagusiak herriaren ahotsa bere egitea.
Urriaren 1eko batzarrean beste proposamenik ez zutela eginen erran zuten NaBaiko ordezkariek. Batzar Nagusiko bilkurako gaien artean, Magnako eskaria irakurri zen eta, bere hitza janez, Juntako presidenteak, NaBairen izenean, haren aldeko botoa planteatu, beti ere, Nafarroako Gobernuko Ingurumen sailaren txostena proiektuaren aldekoa bada. NaBaik muzin egin zien bertze eskari eta planteamendu guztiei. Jarrera horrekin, baztandarrei erabakitzeko ahalmena lapurtzen die, nahiz eta, bere iruzurra estaltzeko, kuartelkako bilera informatiboetan helegiteak aurkezteko aukera eskaini. Iseka honen aitzinean, nahasmena eta haserrea sortu zen bertaratako herritarren artean, hala nola, zenbait Juntakideen artean. Azken hauen eskariz Batzar Nagusia bertan behera geratu zen. Honen aitzinean Baztango EAE-ANVk zera adierazi nahi du: Baztango Udala eta Batzar Nagusia osatzerakoan, NaBaik eta UPNk, EAE-ANVri dagozkigun zinegotzietatik bana lapurtu digute, 676 baztandarren hautua zokoratuz, lege antidemokratiko baten babesean. Batzar Nagusiko presidenteak bilkura horretatik EAE-ANVko kidea kanporatzea agindu zuen. Hau al da demokrazia ulertzeko duzuen modua? Bide batez, EAE-ANVk bere jarrera zein den argitu nahi du: Erdiz ustiatzeko proiektuak baztandarroi zein inguruko eskualdeei eragiten die. Epe motzean nekazariei eta ingurumenari sekulako kaltea eragingo lioke. Epe luzera balio handiko ondasun baten betiko desagerpena ekarriko luke, batez ere, kanpoko enpresa multinazional baten ekonomiaren mesedetan. Irtenbide egokiena errefendumarena da, demokrazian oinarritzen den herri galdeketa. Akitzeko, NaBai eta UPN taldeei, hiru eskaera hauek luzatzen dizkiegu:
- Alderdi interesak alde batera utzi ditzaten. - Baztango herritarren iritzia aditu eta errespetatu dezaten. - Baztandarren alde lan egin dezaten. Erdizek Bizirik iraun dezala!!
Baztango EAE-ANV