Baztango EAJ-PNVren oharra

TTIPI TTAPA 2007ko urriaren 11

Artesiaga inguruan eraiki nahi den harrobiaren proiektua dela eta, Baztango Batzar Orokorrean Erdiz Bizirik plataformako kideek eta abertzale erradikalek eragindako eraso larrien aitzinean, EAJ-PNVren herri batzarrak zera adierazi nahi du:
1- Deitoratu eta gaitzetsi egiten dugu erasoak eragin zituztenen jarrera lotsagarria eta zentzugabea, gizarte zibilizatu batean pertsona batek izan behar duen guttieneko edukazio eta jarreratik urruti gelditzen baitira. Eurek ere egindako eskaera eta defendatzen dutela dioten jarreraren balizko lejitimitatea deskalifikatzen dute.
2- Baztango Batzar Orokorrak eta Udalak lejitimatuak daude lege eskakizun guztiak betetzen dituzten akordio eta erabakiak hartzeko, interes orokorrekoak direnean; bide administratibo eta sozialak daude horiek eztabaidatzeko, helegiteak aurkeztu eta adostasun eza adierazteko, elkarrizketa eta elkar errespetatuz.
3- Batere onargarriak ez direlako, salatu egiten ditugu Batzar Orokorraren aurkako kideen kontra egindako irain eta akusazio faltsuak. jarrera anker eta gogorra hartu zutelako, batez ere ezagutzen diren baztandarren arten eta eguneroko harremana dutenen artean.
4- Virginia Aleman alkate eta presidenteari gure babes osoa eskaini nahi diogu, eta bide batez, bilkuran erakutsitako energia eta duintasunagatik zoriondu. Aldi berean, elkarrizketa, eztabaida demokratiko eta baketsuaren alde lanean segitu dezan animatzen dugu, eta informazio saioak, eta baztandarren iritzia eta parte-hartzea bultzatzeko ekimenak aitzinera eraman ditzan, beti ere, Baztanen interes orokorreraren mesederako erabakiak badira.
5- Era batera edo bertzera, halako jarrerarekin ados ez daudela erran eta gertatutakoa salatu zuten herritarrei gure esker ona adierazi nahi diegu.

Baztango EAJ-PNV

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun