Magna enpresak Erdizen eraiki nahi duen harrobia dela-eta, eztabaidak bizi bizi segitzen du Baztanen. Baztango Junta Generala astelehenean bildu zen urtean lautan egiten duen bilkura egiteko eta, bertzeak bertze, harrobiaren gaia izan zuen mahaigainean. Baztango Udalean gehiengoa duen Nafarroa Bai alderdiak Magnesitas de Navarra SA enpresak egindako eskaerari erantzutea proposatu zuen, Udalak eta Junta Generalak harrobiaren inguruko bere jarrera azaldu zezaten. Hala, proiektuari buruzko Ingurumen Inpaktuaren txostenak aterako lituzkeen ondorioen arabera jokatzea proposatu zuen Nafarroa Baik. Ingurumen txostenak proiektua onartzen badu, obrak egiteko baimenak eta lizentziak emanen direla argitu zuen Virginia Aleman Baztango alkateak. Hori egitea Udalaren eta Junta Generalaren ardura dela gaineratu zuen. Batzar aretoan bildutako herritarren artean, ordea, protestak eragin zituen alkateak errandakoak eta harrobiaren aurkako euren jarrera berretsi zuten Erdiz Bizirik taldeko kideek.
Magnaren proiektua oraindik ez dute Nafarroako Gobernuaren Ingurumen Departamentuan aurkeztu, eta Udalak, bere aldetik, herritarren parte-hartzea bultzatzeko egitasmoa martxan paratuko duela erran zuen Virginiak, jendeari informazioa eman eta kexak biltzeko.