Bertzelako mundua posible da izenburupean Bidelagun jardunaldia eginen da ortziral honetan Elizondon. Arizkunenea Kultur Etxean gizartearen ekintza solidario eta eraldatzaileari buruz gogoeta egin eta laguntzailaren parte hartzea bultzatu nahi dute, esperientziak trukatzearekin batera.
Bidelagun Elkartea adineko jendeari laguntzeko boluntario taldea duela zortzi urte sortu zen Baztanen eta geroztik, eguneroko lanaz gain, arlo ezberdinen inguruko hainbat jardunaldi antolatu ditu. Ortziral honetakoa, berriz, parte hartu nahi duen ororentzat irekia izanen da, eta goiz eta arratsaldez izanen da.
Egitarauari dagokionez, 10:30ean aurkezpena eginen da. 11:00etan Madrilgo Entrevias parrokiako Javier Baezak solasaldia eskainiko du. Eguerdian kafea hartzeko atsedenaldia hartuko dute eta 12:30ean esperientzia trukaketa eginen dute Irungo Behar-Bidasoa erakundeko Agustin Ugarte boluntarioak, Lazkakoko Eguneko Zentroko Joseba Alkorta gizarte langile eta zuzendariak eta Elizondoko Harrera Etxeko Mari Jose Mortalena Bidelaguneko boluntarioak. Ondotik, bazkaria Eskisaroi jatetxean.
16:30ean berriz ere esperientziak trukatzeko txanda izanen da. Oraingoan, Madrileko Entzuteko Zentroaz arituko da Teresa Agirre, Osasuna Humanizatzeko Zentruko kidea; Iruñeko Dolua laguntzeko taldeaz Rakel Mateo, Senda Fundazioko orientatzailea eta Mutiloako belaunaldi arteko kanpaldiei buruz Olga Carrasco, Amma erresidentziako eragile soziokulturala. 17:30ean Bidelagun web orriaren aurkezpena eginen da eta 18:00etan akabaila ekitaldia.