25 urte pasatu dira Amaiurko Gaztelu mendian 1522an Nafarroako Erresumaren alde borroka egin zutenak omentzeko monolitoa berreraiki zutenetik. 1982ko urrian izan zen hori, 1932an hondatu zena ordezkatu zuena, hain zuzen.
Egun hura gogoan, inauguratu zutenetik 25 urtera, besta eguna izanen dute heldu den urriaren 12an Amaiurren. 11:45ean herriko plazatik abiatuta Gaztelurako bidea eginen dute, gaitero eta txistulariekin. 12:00etan emanen diote hasiera ekitaldi nagusiari, oroitarriaren ondoan omentzeko ekitaldi bat eginez. Han izanen dira txalapartariak, aurreskua ere dantzatuko dute eta Gaztelu Taldeak kantatu. 1522an Amaiurko Gazteluan hil zirenak gogoan lore eskaintza ere eginen dute. 13:00etan Baztango mutildantzak dantzatuko dituzte, eta ondotik, 14:00ak aldera, herri bazkaria eginen da plazan.
Bazkariko txartelak eskuratzeko Nafarroako Kutxara jo behar da, eta 30 euroko sarrera egin. Ortziralean, hilak 5, bukatuko da izena emateko epea, eta egunean berean banketxeko agiriaren truke emanen dira.