‘Bidelagun’ jardunaldia antolatu dute urriaren 5ean Elizondon

TTIPI TTAPA 2007ko irailaren 20a

Boluntarioen esperientziak elkar trukatuko dituzte Arizkunenean

Heldu den hilabeteari begira, Bidelagun jardunaldia antolatu dute Elizondon urriaren 5erako, Bertzelako mundua posible da izenburupean. Arizkunenea Kultur Etxean gizartearen ekintza solidario eta eraldatzaileari buruz gogoeta egin eta laguntzailaren parte hartzea bultzatu nahi dute, esperientziak trukatzearekin batera.
Bidelagun adineko jendeari laguntzeko boluntario taldea duela zortzi urte sortu zen Baztanen eta geroztik, eguneroko lanaz gain, arlo ezberdinen inguruko hainbat jardunaldi antolatu ditu.

Bidelagunak Jardunaldia parte hartu nahi duen orori irekia izanen da. Horretarako, komeni da urriaren 1a baino lehen Bidelagun elkarteko telefonora, 948 581 327 zenbakira deitzea, behar den dokumentazio guztia prest izateko. Jardunaldia goiz eta arratsaldez izanen da eta Eskisaroi jatetxean bazkaltzeko 10 euro ordaindu beharko dira. Egitarauari dagokionez, goizeko 10:30ean aurkezpena eginen da. 11etan, Madrilgo Entrevias parrokiako Javier Baezak solasaldia eskainiko du. Eguerdian kafea hartzeko atsedenaldia hartuko dute eta 12:30ean esperientzia trukaketa eginen dute Irungo Behar-Bidasoa erakundeko Agustin Ugarte boluntarioak, Lazkakoko Eguneko Zentroko Joseba Alkorta gizarte langile eta zuzendariak eta Elizondoko Harrera Etxeko Mari Jose Mortalena, Bidelaguneko boluntarioak. Ondotik, bazkaria izanen dute, aipatu bezala, Eskisaroi jatetxean.

Arratsaldeko 4:30ean berriz ere esperientziak trukatzeko txanda izanen da. Oraingoan, Madrileko Entzuteko Zentroaz arituko da Teresa Agirre, Osasuna Humanizatzeko Zentruko kidea; Iruñeko Dolua laguntzeko taldeaz Raquel Mateo, Senda Fundazioko orientatzailea eta Mutiloako belaunaldi arteko kanpaldiei buruz Olga Carrasco, Amma erresidentziako eragile soziokulturala.
5:30ean Bidelagun web orriaren aurkezpena eginen da eta arratsaldeko 6etan akabaila ekitaldia eginen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun