Bidelagun Elkartearen eskutik, Alkoholiko Anonimoak elkarteak errekuperazio talde bat sortu du Baztanen. Talde honetan parte-hartzea dohainik da, ez da inongo kuotarik ordaindu beharko, eta parte-hartzaileen anonimatoa ere zainduko da. Bilkurak egiteko hitzordua ere zehaztua dute dagoeneko: asteartero, 19:00etatik 20:30era, Bidelagunen egoitzan, Santiago karrikako 58. zenbakian (Elizondo). Informazio gehiago jasotzeko Iruñeko telefono hauetarat dei daiteke: 948 241010 edo 609478341.
Talde berriaren aurkezpen ekitaldia, heldu den urriaren 4an eginen dute Arizkunenea Kultur Etxean, 19:30ean. Informazio saio irekia izanen da, erakunde hau ezagutzerat emateko gure eskualdean, nahiz eta Nafarroan eta Espainan aspalditik dihardun.
Informazio hitzaldi honetan, bertzeak bertze, hauek egonen dira: Alkoholiko Anonimoak eta Al-anon (alkoholikoen senitartekoak) elkartetako ordezkariak, Baztango alkatea eta Ongizate zinegotzia, Elizondo, Doneztebe eta Lesakako Osasun Zentroetako zuzendariak, Benedicto Agirre, Magdalena Ojanguren eta Padre Benito Menniko zuzendari Manuel Martin eta bertako laguntzaren koordinantzailea den Jose De Blas, Elizondoko apeza Javier Azpiroz, Elena Urtasun Udaleko gizarte-laguntzailea eta Elizondoko Osasun etxeko gizarte langilea Arantxa Irazoki.