Ikastaroz beteriko agenda antolatu du Baztango Udalak iraila eta urrirako. Gehienak heldu den bi asteetan hasiko dira, eta herritarrek era guztietako ikastaroak izanen dituzte aukeran. Alde batetik, Internet erabiltzen ikasteko maila ertaineko ikastaroa antolatu dute. Astelehenean, hilak 17, hasiko da, eta urriaren 2an bukatu. Leku eta egun berean, irudi digitalen moldaketari buruzko ikastaroari emanen zaio hasiera.
Urriaren 2an marrazketa eta pinturari buruzko bi ikastaro abiatuko dira Elizondoko Arizkunenean. Altzarien zaharberritzeari eta dekorazioari ingurukoa izanen da bertze ikastaroa, eta bertzea altzarien zura lantzeari buruzkoa.
12 urte bitarteko haurrek, eskulangintza lantzeko aukera ezinhobea izanen dute, horretarako antolatu den haurrentzako plastika ikastaroan.
Aipatzekoa da, ikastaroez gain, Baztango Udalak Nafarroako Zinema Dokumentalen Jaialdiaren film sarituen emanaldia ere eskainiko duela Jorge Oteiza, Baztan etnografia museoan. Urriaren 12an sari nagusia lortu zuen "Forever" filma ikusgai izanen da; urriaren 13an "Even if she had been a criminal", eta ondotik "The Clinic". Urriaren 14an ikusleen saria jaso duen "Radiophobia" emitituko da. Sarrera dohainik izanen da
Bertzañde, irailaren 30a bitarte Kolonbian bizi izeneko argazki erakusketa ikusgai egonen da eta urriaren 5etik 20ra Larresoro-Baztan izeneko margo erakusketa.