Baztango Kirol Taldeak denboraldia aurkeztu du

TTIPI TTAPA 2007ko irailaren 12a

Baztango Kirol taldeak pasa den ostegunean 2007-2008 denboraldirako Magna BKT taldea osatzen duten jokalarien aurkezpena egin zuen Elbeteko ostatuan.
Denboraldi honetan emakumezkoen lehen mailako kategorian ariko dira eta ohorezko mailara igotzea helburu izanen dute.
Aurten fitxaketa ugari egin ditu taldeak errefortzu osoa izan dezan markatutako pausuak lortu ahal izateko. 17 jokalariz dago osatua taldea.
Elbeteko ostatuan egindako aurkezpenean entitatearen presidentea den Juan Manuel Etxeberria, Magna enpresako gerentea den Juan Antonio Yeregi eta Joxe Iturzaeta entrenatzaileak parte hartu zuten.

2006-2007 denboraldian igoera fasea jokatzeko atarian geratu ziren eta horretarako, denboraldi honi begira goiz hasi ziren lanean fitxaketak lotu eta babesleak lortzeko.
205.000 aurrekontua du Baztango Kirol Taldeak eta gehienbat lehen taldeari bideratuta dago dirutza hau, aipatu behar baita beste mailetako taldeak ere badituela: jubeniletan, kadeteetan eta bi talde infantiletan. Hortaz, Baztanen emakumezkoen eskubaloiaren aldeko apustu trinkoa egin nahi da.
Denboraldi honi begira, Canal 6 telebista kateak zuzenean botako ditu lehen mailan ari den Baztango Kirol taldeko partidak.

Taldea honako jokalariek osatuko dute:
Atezainak: Amalia Sanduta, Laura Benavente eta Itziar Goienetxe.
Amalia Sanduta Errumanian jaio zen 1983. urtean. 2003. urtean Munduko junior txapelketan parte hartu zuen. 2004-2005 denboraldian Bucaresteko Rapad CFR taldean jokatu zuen, 2005-2006 denboraldian Frantziako Oforezko mailan aritu zen US Mios Handbal taldean eta iaz Espainiako Ohorezko mailan ari den Quintercom Perdoman.
Laura Benavente Ejea de los Caballerosen jaio zen 1987. urtean. Lehen mailan ari den Rotulos Plasneon taldean du jatorria.

Hegalekoak: Izaskun Danboriena, Itsaso Salaburu, Mirela Chirila eta Cintia Albertini.
Izaskun Danboriena Azpilkuetan jaio zen 1984. urtean. Baztango Kirol Taldeko kategoria guztietan jokatu du. Laugarren denboraldia da lehen mailan ari den Baztango taldean jokatzen duela.
Itsaso Salaburu Elizondon jaio zen 1978. urtean. Baztango Kirol taldeko kategoria ezberdinetan, Ohorezko mailako Oberenan, Etorkizuna, lehen mailako Itxakon eta azken bi denboraldietan Baztango Kirol taldean.
Mirela Chirila Errumanian jaio zen 1982. urtean. 1999-2003 denboraldi artean Errumaniako Lehen nazional mailako Timisoarako Unibertsitate taldean aritu zen, 2003-2004an Remin Devan eta 2004tik 2007ra Cetave Devan, biak ere lehen mailakoak.
Cintia Albertini Argentinan jaio zen 1980. urtean. 2006-2007 denboraldian Italiako Ohorezko mailako HC Salerno taldean aritu zen eta Espainiako lehen mailako Balonmano Torralban.

Albokoak: Irati Berruezo, Ana Maria Felix, Larissa Shumilova, Ana Maria Buican, Ines Laborra eta Noelia Quintanilla.
Irati Berruezo Iruñan jaio zen 1984. urtean. Atarrabia taldean hasi zen bere ibilbidea eta ondoren Baztango Kirol Taldean, Etorkizunan, Itxakon, Sueciako HC Borlangen eta iazko denboraldian Baztango taldera itzuli zen.
Ana Maria Felix Hungarian jaio zen 1977. urtean. 2003-2004 denboraldian Alemaniako Bundesligan jokatu zuen. 2004tik 2006ra lehen mailako Salud Tenerifen 104 gol lortuz 2004koan, iaz Marina Park taldean aritu zen 153 gol sartuz eta Ohorezko mailako gehienezko golegilea izan zen.
Larissa Shumilova Turkmenistanen jaio zen 1986. urtean. Bere herrialdeko golegile nagusiena izan da eta iaz Austriako Hypo taldearekin fitxatu eta ondotik, utzita Italiako Ohorezko mailako Sassarin aritu zen.
Ana Maria Buican Errumanian jaio zen 1979. urtean. 2 denboraldiz Ohorezko mailan jokatu du Astroc Sagunto eta Balonmano Leon taldeetan. Ines Laborra Elizondon jaio zen 1990. urtean. Baztango Kirol Taldeko kategoria guztietako taldeetan jokatu du.
Noelia Quintanilla Elizondon jaio zen 1990. urtean. Baztango Kirol Taldeko kategoria guztietako taldeetan jokatu du.
Erdikoak: Ildikó Valeczkai, Mireia Trigueros eta Nerea Gil.
Ildiko Valeczkai Hungarian jaio zen 1981. urtean. Iazko denboraldian Baztango Kirol taldean jokatu zuen.
Mireia Trigueros Elchen jaio zen 1984. urtean. Azken 5 denboraldietan Ohorezko mailako Fermafix Lleida taldean jokatu du.
Nerea Gil Elizondon jaio zen 1990. urtean. Baztango Kirol Taldeko kategoria guztietan jokatu du.
Piboteak: Totu Iturzaeta eta Kinga Toth.
Josune Iturzaeta Elizondon jaio zen 1978. urtean. Jubenil maila arte Baztangon jokatu zuen, gero Oberena eta Etorkizunan eta azken denboraldietan etxera itzuli da Baztango Kirol Taldean aritzeko.
Kinga Toth Hungarian jaio zen 1984. urtean. Ohorezko mailan jokatu du eta iaz Vicar Goyan aritu zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun