Begoña Sanzberro Landa Garapen eta Ingurumen kontseilari izendatu du Sanzek

TTIPI TTAPA 2007ko ira. 3a, 13:16
TTIPI TTAPA

Kargu berriari osotasunean dedikatzeko, zinegotzi eta parlamentari karguak utzi ditu

Orain artio Baztango Udalean UPNko zerrendaburua izan den Begoña Sanzberro almandoztarra Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurugiro kontseilari izendatu berri du Miguel Sanz presidenteak berriki osatu duen gobernuan.

Begoña Sanzberro da Nafarroako Gobernuan euskalduna den lehendabiziko kontseilaria, eta kargu-hartzea ere euskaraz egin zuen «nere ama hizkuntza eskuara delakoz».

Aspaldi sartu zen Begoña politika munduan: bertze karguen artean UAGN sindikatuko agintari, Almandozko alkate, UPNren izenean zinegotzi eta parlamentari, eta orain gobernuko kontseilari. Kargu berriari buru-belarri dedikatzeko parlamentari eta zinegotzi izateari uko egin dio. Hala, Baztango Udalean bere postua Miguel Angel Aldea, lekaroztarrak hartu du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun