Begoña Sanzberrok Baztango zinegotzi izateari utzi dio

TTIPI TTAPA 2007ko irailaren 3a

Erabakia hartu du bere ustez kontseilari eta zinegotzi lanak batera ezinak direlako

Begoña Sanzberro Nafarroako Gobernuko Landa Eremuko Garapen eta Ingurumenaren kontseilari berriak Baztango zinegotzi kargua utzi du biak ezingo dituelako eraman. Bestalde Leopoldo Jaenek jakinarazi du Baztango Gobernu Batzarrean zuen postua uzten duela bertan UPNko bigarren kide bat ez delako onartu.

Begoña Sanzberrok, 44 urteko almandoztarrak, bizi politikoa 1989an hasi zuen 1991arte Almandozko alkate juratua izanez. Geroztik Baztango zinegotzia izan da hiru aldiz UPNrentzat. Baztango zinegotzi kargua uztea erabaki du bere ustez ezinezkoa izanen baitzaio bi karguak eramatea. Maiatzeko hauteskundean UPNk aurkeztu zuen zerrendaren arabera Lekarozko Migel Angel Aldea hartu beharko luke bere zinegotzi postua, baina oraindik ez dago konfirmatua.

Bestalde, aipatu bezala, Leopoldo Jaenek uko egin dio Baztango Gobernu Batzarrean parte hartzeari bere ustez bere alderdiak, UPNk, ordezkari gehiago izan beharko lituzkeelako. UPNkoek bi ordezkari eskatu zituzten argudiatuz joan den legealdian bi zituztela, eta aurtengo hauteskundeetan zinegotzi bat gehiago eskuratu zutela, hala ere, gehiengoa duen Nafarroa Bai koalizioak ez zuen onartu, eta ordezkari bat baizik ez zien utzi. Leopoldo Jaenek uko egitearen berri eman badu ere, ez du zehaztu bere alderdiko norbaitek ordezkatuko duen ala ez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun