Peio Segurola txapeldun artzain zakur txapelketan

TTIPI TTAPA 2007ko abuztuaren 17a

Asteazkenean Amaiurren artzain eguna ospatu zen. Goizean latxa arrazako ardi lehiaketa egin zen. Guztira 399 aurkeztu ziren. 57 izan ziren aurkeztutako loteak buru beltz eta buru gorriak kontutan hartuz. Lote bakoitzean sei ardi eta ahariko bat sartzen ziren.
Buru beltzetan 6 eta 18 urte arteko kategorian irabazleak Almandozko Agerre anaiak izan ziren. 18 eta 36 urte artekoan Elizondoko Manuel Bertiz eta 36 urtetik gorakoan Iruritako Miguel Angel Maritorena.
Buru gorrietan 6 eta 18 hilabete artekoan irabazlea Iruritako Jose Mari Gamio izan zen, 18 eta 36 urte artekoan Arraiozko Felisa Ugarte eta 36 hilabetetik gorakoan Zugarramurdiko Iñaki Zubillaga.
Kategoria bakoitzean 4 sari banatu ziren Lehenengoak 65 euro jaso zituen, bigarrenak 60, hirugarrenak 55 eta laugarrenak 50. Denetara 12 sari banatu ziren buru beltz eta gorrietan.

Goizean ere gasna lehiaketa egin zen. Denetara 11 izan ziren aurkeztu ziren gasnak.Gasna egileak hiru kategorietan banatzen ziren:
1. artzainek etxean egindako gasnak
2. artzainek kanpoko esnearekin egindako gasnak
3. industrial modura egindako gasnak
Etxean egindako gasnei dagokienez Arizkungo Orabideko Peio Pegneguy izan zen irabazlea, kanpoko esnearekin Oizko Carlos Mindegiaren gasna izan zen hoberena eta gasnategietan Amaiurko Felisa Irungaraien gasnak eraman zuen saria.

Arratsaldean eguraldiak bestelako itxura erakutsi zuen eta goizeko bero sapa eta sargoria desagertu eta giro hotz eta umelean bilakatu zen. Ia 20 graduko aldea bazen goizetik arratsaldera.
Gatelukomalda parajean 32. artzain zakur lehiaketa eta 3. Felix Etxeberria memoriala ospatu zen. Lehenik herrian barna desfilea egin eta gero emateko zuten guztia erakutsi behar izan zuten artzain eta zakurrek.

12 izan ziren parte hartzaileak eta denetatik hoberena Matxinbentako Peio Segurola izan zen 346 punturekin. 12 parte hartzaileek froga pare bat osatu behar izan zituzten. Lehenengo frogak bi zati izan zituen. Gehienez ere 7 minututan zakurrak banderez osatutako ibilbidea osatu behar zuen eta gero zakurrak artaldea artzainaren ondora eraman bera zuen. Froga hau pasatu zuten artzainak lau izan ziren: Peio Segurola, Xabier Urien, Felix Irigoien eta Mikel Aizpurua.
Ondotik, zakurrek 9 minututan artaldea hesiaren barnean sartu eta gero atera behar zituen. Euriak bere ondorioak utzi zituen, zakurrak urduriago baitzuen eta gainera, guardasolaren laguntza behar izan zuten zeharo ez bustitzeko.
Puntuazioa honela banatu zen:
1. Peio Segurola Artzai zakurrarekin 346 puntu
2. Xabier Urien Txiki II zakurrarekin 330 puntu
3. Felix Irigoien Peio zakurrarekin 273 puntu
4. Mikel Aizpurua Beti zakurrarekin 226 puntu

Ardiak Jose Antonio Camino Indatxipia baserrikoak jarri zituen eta epai mahaia honakoek osatu zuten: Elgoibarko Joseba Arrizabalaga, Amaiurko Joxe Urrutia, Gartzaingo Martin Garde, Azkoitiko Jesus Larrañaga eta Amaiurko Juan Marisko.
Koordinazio lana Koldo Goienetxeren esku egon zen eta ekitaldi osoa bideratzen Patxi Urrutia aritu zen.
Egun ederra Amaiurren, nahiz eta egunaren bukaerarako eguraldiak bere aurpegi ilunena erakutsi.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun