Baztandarren Biltzarreko sariak badu irabazlea

TTIPI TTAPA 2007ko abuztuaren 9a

Baztandarren biltzarra elkarteak badira zenbait urte tonbola antolatzen duela. Aurten denetara 12.000 txartel jarri ditu salgai euro batean.
Txartelak Baztango denda, ostatu eta komertzioetan egoten dira salgai eta izugarrizko arrakasta izaten dute. 12.000 txartelak 2 astez agortu ziren.
Txartelek zuzeneko saria edo egunean zozketatzen den diru kantitate baten zozketarako saria hartzeko aukera ematen dute. Aurten 12.000 txarteletatik 2.000 saridun zituen. Sari hauek Baztango artisau, ostatu, jatetxe, denda eta zerbitzuek emandakoak dira, baina ez hori bakarrik, Baztandarren Biltzarra elkarteak ere sari dezente jartzen baititu, hala nola: boligrafoak, motxilak, metxeroak…Beraz, zuzenean jatetxe batean otordu bat eskuratu edo ile apaindegi batean zerbitzua hartzeko aukera bazen.
Dena den saridun izan ez ziren 10.000 txartel horiek beren itxaropena Baztandarren Biltzarra egunean jarria zuten. Izan ere, egun horretan, bazkal ondoko ekitaldian 3 zenbaki ateratzen baitira. Lehenak izaten du lehentasuna, baina bada ez bada ere, bertze bi gehiago ateratzen dira.

Hauek izan ziren zenbaki saridunak:
1. 5.113
2. 9.592
3. 9.237

Elkarteak 15 eguneko epea jartzen du zenbakia ateratzeko. Dagoeneko epe hori pasatu eta bigarren zenbakia zuen Marialenen Irigoien erratzuarrak eramanen ditu 1.340 euroak.
Elkarteak zozketa hau martxan jarri zuenetik, urtero atera da zenbakia, nahiz eta beti lehena ez atera.
Zorionak irabazleari eta ongi aprobetxatu dezala.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun