Igandean goizeko 11:30ean laxoa txapelketaren final handia jokatu zen Iruritako errebote plazan. Doneztebe A eta Irurita B taldeak izan ziren 12 talde parte hartzaileen artean hoberenak eta beraiek izan zuten finala jokatzeko ohorea.
Eguerdiko 12:00etan tradizioak dioen moduan angelusa errezatu zen. Josetxo Mendioroz, Gartzain eta Lekarozko apezak bertso polita bat bota zuen pilota eta pilotarien aipua eginez eta segidan, partidarekin jarraitu zuten.
Bero izugarria egiten zuen eta hori plazako zolan ere nabari zuten pilotariek.
Hasieran Doneztebe nagusitu zen jokoan eta markagailuan, 0-2, 1-2, 1-4, 3-4 eta 3-5 jarri baitzen. Baina behin lehen zati hori pasatuta, Iruritak erantzun bikaina eman zuen eta segidan 4 tanto egin zituen 7-5 gelditu arte. Malerrekakoak oraindik ere hurbildu ziren 7-6an baina sakelari eta erresto lan bikainari esker etxekoek garaipena eskuratu zuten.
Txapeldunen taldean Joseba Urtasun izan zen sakalaria, Gorka Urtasun numeroa eta kuartoak Xabier eta Jesus Etxenike. Txapeldun ordeei dagokionez, Felipe Ganboa izan zen sakalaria, numeroa Luismi Apezetxea eta kuartoak Patxiku Ganboa eta Juan Mari Anzizar.
Epaile lanetan Mariano Maritorena, Jose Javier Elizalde, Juan Mari Artazkoz, Alberto San Miguel eta Jose Joaquin Ziganda aritu ziren. Txuma Primek markatze lana egin zuen eta Tiburcio Arraztoak koordinazio lana.
Final honetara ikusle dezente hurbil ziren eta hauez gain, Baztango udaleko kirol zinegotzia den Martin Garde, Iruritako alkatea den Pello Obregozo eta pilota federazioko presidentea den Miguel Pozueta, pilotarien Biltzarra elkarteko Juanjo Oronoz eta Nafarroako Kutxako ordezkaria den Javier Almandoz, honek laxoa elkarteari laguntza ematen baitio.
Bertzalde Mikel Izagirrek urtero pilotari hoberenari saria ematen dio, eta aurten Joseba Urtasunek eraman du sari preziatua.
Larunbatean Iruritan ere, hirugarren eta laugarren posturako partida jokatu zen eta Oitz nagusitu zitzaion Arraiozeri.
28 urte dira laxoa Baztan-Errekako laxoa txapelketa antolatzen dela eta hauetatik 16 Doneztebek irabazi ditu, Iruritak 6, Oitzek 4 eta Arraiozek 2.