Baztango kultura batzordeak gida berri bat argitaratu du uda honetan bailaran dagoen kultur eskaintzaren berri emanez. Guztira 12 aukera ematen dira 4 herrietan banaturik.
Liburuxkak artearen ibilbidea izena du eta Amaiur, Elizondo, Erratzu eta Arizkungo Bozate auzoan eta Arizkunen berean dauden eskultura, margo eta argazki erakusketen berri ematen da.
Elizondon bisitari eta interesatuek Baztan Jorge Oteiza Museo etnografikoa ikus dezakete Braulio Iriarte kalean, asteazkenetik igandera. Ana Mari Marinek Bergarenea etxeko estudioan berea ere jarria du.
Arizkunenea kultur etxean abuztuaren 31 arte Juan Gorritiren eskultura erakusketa ikusgai dago eta Tomas Sobrinorena toki berean irailaren 2 arte.
Maurizio Berekoetxea kalean dagoen Auza galerian talde erakusketa ikusgai dago.
Juan Carlos Olaetxeak Jaime Urrutia kaleko 20. zenbakian galeria zabalik du eta Juanito Lameriñasek Baztango eta bertze parajeetako argazkiak ikusgai ditu Txokoton.
Arizkungo Bozate auzoan arte afizionatuek Xabier Santxotenaren parke museoa ikus dezakete eta toki berean Teresa Lafraguaren margo erakusketa ere zintzilikatuta dago.
Arizkungo Sasternea etxean Xabier Soubeletek bere lanak jarri ditu ikusgai.
Erratzuko Zubietea etxean Jose Mari Apezetxea baztandar margolarien dekanoak urtero moduan udako erakusketa jarri du.
Bisita guztiak debalde dira Jorge Oteiza museo etnografikoak izan ezik, bertan sartzeko 2 euro ordaindu behar baitira.
Artearen ibilbideak Baztan korritzeko bertze aukera bat ematen du.