Aurten bigarren aldiz Amaiurko Gaztelu mendian Aranzadi zientzia elkarteko kideek indusketa arkeologikoak egiten ari dira eta hori dela eta, hainbat hitzaldi eta proiekzio eta hitzaldi antolatu dira.
Asteazkenean izanen da lehen saioa eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea den Alvaro Aragonek “Nafarroako konkista erresuma feudal baten hondakinak” izeneko hitzaldia eskainiko du.
Ostirala abuztuaren 3an bigarren hitzaldia eskainiko du Roldan Jimeno, Nafarroako Unibertsitate publikoko historialariak, “Amaiurko obeliskoa foralitatearen sinboloa” izenburupean.
Asteartea abuztuaren 7an, Aranzadi zientzia elkarteko arkeozoologoa den Pedro Castañosek, “Ze animalik jaten zuten Amaiurko gazteluan? Arkeozoologia edo etxeko animalien hezurren ikerketak” izeneko hitzaldia eskainiko du.
Abuztuaren 9an, ostegunean egingo da azken hitzaldia. Aitor Pescador, Aranzadi Zientzia elkarteko historialariak “Ze gutun idatzi ziren Amaiurko gazteluan 1521 eta 1522an? Idatzizko mezuen ikerketa” izenekoa emanen du.
Hitzaldi-proiekzio guztiak Amaiurko ostatuan arratsaldeko 20:00etan egingo dira eta sarrera doan izango da. Bukaeran hizlariekin hitzegiteko aukera izango da.
Gure historia eta gazteluaren oroimena berreskuratzeko nahiarekin bigarren aldiz Amaiurko herriak hitzaldi zikloa antolatu du.