Elizondoko elizan moldaketa lanak egiten ari dira

TTIPI TTAPA 2007ko uztailaren 30a

Elizondoko Santiago parrokiaren moldatze eta birgaikuntza lanak martxa onean doaz, nahiz eta oraindik denbora falta den ateak berriz ere normaltasunez zabaltzeko. Lanen 540.900 euroko aurrekontua dute, baina ziur aski kopuru hau gaindituko da eta Gotzaindegiak, banketxeko kredituek eta eliztarrek ordainduko dute.
Egitasmoak barnean hartzen ditu barneko aldearen hobekuntza bere osotasunean, lehenagoko zurezko solairua aldatu da eta zoru erradiatzailearen instalakuntza bidez berogailu sistema berria jarri da. Paretak margotu, beirategiak garbitu eta berritu, eta orokorrean erretaulen garbiketa egin da.

Azaroan hasi ziren lanak eta ordutik mezak eta gainerako elizkizunak parrokia aretoan egiten dira. Txikia da, baina beste aukerarik ez dagoenez, horrekin moldatu beharra dago.
Eliza hustu eta altzarien leku aldaketa auzolan bidez egin zen eta eliztarrek modu bikainean erantzun zioten deialdiari. Elizondar kopuru handi batek urtero zaharberritze ikastaroetan parte hartzen du eta hauek altzari eta apaingarrien zaharberritzean aktiboki parte hartzen dute.

Barruko paretak eta zutabeak dagoeneko margotu dira eta modu honetan denboraren arrastoak desagertaraziz eta argitasuna emanez. Epe labur batean erretaulen eta margoen garbiketa egingo da. Hauetako batzuk Javier Cigarenak dira, zehazki, Elizondon bizi izaten zen garaikoak.
Beirategiak moldatzeko denbora gehiago beharko da, artisau lana baita eta kontu bereziarekin egin behar baita. Dauden 12 beiren pieza ezberdinak desmuntatu eta birmoldatu ondotik berriz ere jarriko dira.

Organoaren moldatze lanak hasi dira dagoeneko. Aztertu eta antzeman dute hodietan kalteak badirela, pipiak jota baitaude.
Organoa Gironako Francisco Aragonesek eraiki zuen 1903. urtean eta Elizondoko eta Parisen Cavaille-Collek egindakoa ordezkatu zuen. 1919. urtean azken hau Amaiurko elizara leku aldatu zuten. Jabier eta Santiago Urrutia anaiek bere erosketa ordaindu zuten.
Elizondoko organoa 1921. urteko uztailaren 15ean inauguratu zen, hortaz, dagoeneko 86 urte bete ditu. Egun horretan parrokiako organistak meza nagusian estreinatu zuen eta arratsaldez kontzertu bat eskaini zuen Lesakako Miguel Etxebestek. Orduantxe jaso zuen lehen saria Madril eta Pariseko kontserbatorioetan.
Elizondoko parrokian egin izan diren moldaketa lanak 1969. urtekoak dira. Vatikanoko 2. kontzilioak eskatzen zituen aldaketetara moldatu behar izan zen eta apirilaren 13an inauguratu ziren.

Oraingo lanak akitzen direnean, oraindik gauza batzuk moldatu gabe geratuko dira, izan ere aukera ekonomikoek ez baitute gehiagotarako ematen. Dorreen tratamendu eta garbiketa bertze batean egingo da, baina bai moldatuko direla sarrerako eskailerak, zenbait tokitan behiti etorria baitago eta egonkortu eta lerrokatuko da.
Elizondoko eliza garai batean gaur egungo Foruen enparantzan kokatzen zen, baina 1920. urtean gaur egungo tokira leku aldatu zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun