Eguerdiko hamabietan hasi dira Elizondoko Santiagoak

TTIPI TTAPA 2007ko uztailaren 24a

Ofizialki larunbatean bukatuko badira ere iganderako karrika animazioak eta ikuskizunak aurreikusi dituzte

Gaur eguerdiko 12:00etan hasi dira Elizondoko Santiago Bestak. Elizondoko abesbatzaren sorreran parte hartu zuen Maria Jesús Arreguik izan du su-ziria pizteko ohorea. Eztandaren oihartzunak herrian barna hedatu bezain laster, herria murgiltzen hasi da. Foru plazan, txarangek, gaiteroek, txistulariek bazterrak alaitu dituzte, eta ondotik erraldoi eta buru handien ibilbideari ekin diote. Bestalde, nahi zutenek baztanzopak jateko aukera izan dute besta girotik urrundu gabe. Bezpera eguneko arratsalderako ekitaldi franko antolatu dituzte. Lauretatik aitzinera, Elizondoko Herria izeneko margo erakusketa ikusgai izan da ibarreko Herriko Etxeko arkupetan, eta ordu batzuk beranduago animalien ikuskizuna eskaini da frontoian. Arratsean, besta guzietan bezala, musikak tarte zabala izan du, 20:00etan Elizondoko Abesbatzak kontzertua eskaini baitu Santiago Elizan, eta Mexiko Lindo taldea aritu baita 00:00etatik aitzinera.

Santiago egunean ohiko egitaraua prestatu dute. Hamaikak eta erditan meza eskainiko da, eta ondotik erraldoiak eta buruhandiak bidea eginez Foru Plaza aldera joanen dira bertan Mutildantza emanen baita. Arratsaldean herri kirolen saioa izanen da 18:00etatik aitzinera, eta ondotik musika eta dantza hartuko dute txanda 20:00etan Tsunami taldeak dantzaldia eskainiko baitu, 22:00etan Mutildantza berriro dantzatuko baita, eta gauean, Trio Jalisko taldeak bazterrak alaituko baititu. Ortzeguna pilotaren eguna izanen da, eta hortaz arratsaldeko 17:30ean profesionalen arteko bi partida ikusteko aukera izanen da, lehenik Esain eta Eskudero, Retegi II eta Raien aurka, eta ondotik, Olaizola II.a eta Otxandiorena, BengoetxeaVI.a eta Belokiren aurka. Horretaz gain bertze hainbat ekitaldi iraganen dira, hala nola goizean, musika bandaren emanaldia eta dantzaldiak Mompas eta Dantzatoki Mugikorra taldearekin. Besten laugarren eguna ortzirala, haurrei zuzendua izanen da, eta horretarako aitzineko egunean bezala, haur jokoak ekarraraziko dituzte, puzgarriak, kartsak, zezen mekanikoa eta aparra egiteko makina bertzeak bertze. Arratsaldeko 17:00etan bestalde, Patxin eta Pastin haurrentzako ikuskizuna eskainiko dute, eta ondotik txokolatada gozatzeko aukera izanen da. Dantzaldiei dagokionez, 20:00etan Alboka taldea arituko da, eta 00:00etatik aitzinera bezperan bezala Dantzatoki Mugikorra taldea. Larunbatean Santiagoko bestek segituko dute herriaren egunarekin. Ekitaldi nagusia zikiro jatea izanen da, baina horretaz gain karriken animatzeko hainbat talde arituko dira. Arratsaldeko seietan animalien jaialdia eginen da frontoian, eta ordu bat beranduago Batukada eta Brasileira taldeek Foru Plaza erritmoz beteko dute. Gauerditan Gaixoa Ni kantatuko da, baina bestak ez dira bere horretan geldituko eta goizeko ordu ttikiak arte Dantzatoki Mugikorra taldea arituko da. Igandean, bestak bukatuak izanen dira, baina nahiko ez dutenentzat goiz partean txistulariak eta gaiteroak karrikan barna ibiliko dira erraldoi eta buruhandiekin batera. Azkenik Arratsaldeko 20:30ean Colombia Folk taldeak ikuskizuna eskainiko du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun