Baztandarren Biltzarra giro onean pasa da

TTIPI TTAPA 2007ko uztailaren 23a

Baztandarren anaitasun besta igandean ospatu zen. Aste guztian eguraldia ilun eta euritsu egon zen, baina zorionez, igandean bere aurpegi hoberena erakutsi zuen. Bezperatik Merkatuko plazako gorapeko mahaiak jarriak zituzten, baina igande goiza arte ez zituzten gainerakoak jarri. Euri arriskua bazen, eta horrek tentsioa sortzen du honelako besta bat antolatzen denan.

Goizeko 11:30ean hasi zen orga apainduen desfilea. Denetara 20 orga. Herri guztiak ordezkatuak agertu ziren eta gainera herri ekimenak, urtero moduan berea egin zuen eta Elizondoko 5 talde ordezkatuak egon ziren.
Desfilea zabaltzen, Iturengo joaldunak, eta gibeletik, Baztango txistulariak eta hiru ikurrak: Baztangoa, ikurriña eta Nafarroakoa. Ondotik, Baztango dantzariak.

Eta hauen ondotik, gainerako protagonistak, hau da, orgak. Hauxe izan zen erakutsi zutena:
Almandoz: 1512. urteko Nafarroa eta Gipuzkoaren arteko guda agertzen zuen.
Ziga: Amerikarrek base militarra bertan jarri nahi izan zutela irudikatu zuten.
Berroeta: erroten garrantzia azpimarratu zuten. Guda zibileko denboran debekuaren ondorioak ere errotetan nabaritu ziren.
Aniz: herritarrek bat egin zuten1437. urtean zenbait jauntxoren aurka, beren lurrak defendatzeko.
Amaiur: herrian aduana jartzean jasan behar izaten zituzten egoerak.
Gartzain: Altzualdeko azienden markatzea egin zuten, behor eta guzti.
Oronoz-Mugairi: oilo tokien eta oiloen garrantzia erakutsi zuten.
Erratzu: ezkontza berezia izan zen bertan: alkatea eta Magnaren artekoa.
Arizkun: Erdizen egingo den harrobiak utziko duena islatu zuten.
Azpilkueta: lixua nola egiten zuten garai batean agertu zuten.
Arraioz: berriz ere, Magna gaia izan zen hizpide.
Elbete: herrietako batzarra eta alkatearen papera.
Lekaroz: garai batean etxeetan xagoia egin eta saltzen zen.
Irurita: hauek ere manifestazioa egin zuten harrobiaren aurka.
Herri ekimena: euskal preso politikoak gogora ekarri eta bereziki Gaztelu aipatu zuten.
Elizondoko Berro: baztan zopen dastatzea San Anton egunean.
Elizondoko Belatzak:sagardoaren prozesua, sagar zukua eta kirikoketa eta guzti.br> Elizondoko Falfarak: Llangollengo lehiaketan Elizondoko abesbatza txapeldun suertatu zenekoa gogora ekarri zuten.
Elizondoko Aise: Txikito tren ikusgarria.
Elizondoko Beti zurrutak: Ameriketara emigratu zutenak aipatuz, handik ekarritako ohiturak otordu eder batean erakutsi zuten.

Orgen ondotik, musikari eta dantzariek ere parte hartu zuten: Irats trikitixa eskola, Irungo dantzariak, Berroetako trikitilariak, Lekeitioko dantzariak, Oronozko akordiolariak, Baztango akordiolariak, Otsagiko dantzariak, Berako iñude eta artzainak bere konpartsarekin, Barañaingo txistulariak, Baigorriko dantzariak et Urdiñarbeko dantzariak.

Behin desfilea akituta, Foruen enparantzan ohiko mutil dantza saioa egin zen.
Ondotik, Merkatuko plazan 1.600 lagunentzako bazkaria prest zuen antolakuntzak. Horretarako ere zerbitzarien lana goraipatzekoa da. 12 urte ingururekin hasten dira lan hau egiten, eta benetan eskertzekoa da, behar beharrezkoa baita bazkaria ongi atera ahal izateko. Pasa den ostegunean bazkarirako txartelak salgai jarri ziren eta 2 orduz denak agortu ziren. Hortaz aunitz jendek ez zuen tokirik lortu herri bazkarian egoteko.
Bazkarian, patata tortila, piperrada, oilaskoa patatekin eta postrea bazen dastatzeko.
Arratsaldeko 16:00etan hasi zen bazkal ondoko jaialdia. Lehenik, Baztango txistulariek, ioiak jo zituzten. Doinu hauek ezkontzetan jotzen ziren, baina gaur egun ohitura hori galduta dago. Ezkontideek sardearen puntan bazkariko haragi zatia jartzen zuten eta biek elkarturik, konpartituko zutenaren irudi moduan agertzen zen.
Ondotik, bertsolari eta musikari bat igo ziren taula gainera, Jon Elizetxe gartzaindarra eta Xabier Ospital erratzuarra. Bat kantuan eta bertzea gitarrarekin. Txalo zaparra ederra jaso zuten.
Jon Barberenak modu berezi batean irakurri zuen komunikatua, Jon Irazoki lagun izan baitzuen pianoan.
Ondotik, Josune Makibar kantariak zenbait kantu eskaini zituen, Jon Irazoki piano jolearen laguntzarekin.
2007ko Baztandarren Bitzarra besta iragartzeko kartel lehiaketa antolatu zuen elkarteak eta guztiz arrakastatsua suertatu zen, azken urteetan bezala. Sisku Simon katalandarra izan da aurtengoan garaile.
Tonbolaren zenbaki saridunak ere atera ziren. Ordenagailu bat erabili zen eta berak 3 zenbakiak hautatu zituen:
1. 5.113
2. 9.592
3. 9.237
Segidan orga apainduen sari banaketa egin zen. 20 orgek parte hartu zuten desfilean eta aurten denetara 4 sari banatu ziren. Normalki 3 banatzen dira, baina lehenengo postuan 2 orga berdinduta geratu zirenez, 2 lehenengo, bigarrengo bat eta hirugarren bat banatu ziren, 128 punturekin berdinduta gelditu ziren Aise taldea eta Ziga.
Oroigarri bakarra izaten denez, 10eko puntuazio gehiena zuenak eraman zuen etxera. Kasu honetan, Aise izan zen.
Biek 450 euroko saria eraman zuten.
Bigarren postuan Azpilkueta geratu zen 112,5 punturekin eta 300 euro eskuratu zituen. Eta hirugarrenean Berroeta 110 punturekin, eta 150 euro eraman zituen.
Behin ekitaldi protokolarioa bukatuta, Baztango xulubitariek lehenagoko ohitura bat berreskuratu zuten eta bi mutil dantza eskaini zituzten: 3 puntukua eta muxikoa.
Aunitz jende atera zen dantzara, berdin neska eta mutilak ere.
Ondotik, Baztango gaitariek Baztango gaita jo zuten eta Merkatuko plazako errautsa goratzen jarraitzeko muxiko eta larrain dantzak jo zituzten.
Bazkal ondoko ekitaldiak bukatzeko, dantzaldia izan zen Trikidantz taldearekin.
Behin Merkatuko plaza dena bilduta, jendea Foruen enparantzara joan zen, han Laiotz taldearekin musika eta giro bikaina baitzegoen. Eta gauerdian bukaera eman zitzaion 2007ko Baztandarren Biltzarra bestari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun