Bertze herrietan bezala, gurean ere Udaleko arduradunak karguak banatu dituzte. NaBaik batzorde guztiak zuzenduko ditu, UPNk ez baitzuen onartu eskaini zitzaion Osasun Batzordearen ardura. Batzordeak Virginia Aleman alkateak zuzenduko ditu, eta NaBaiko Santiago Aldako, Martin Garde eta Remigio Lizasoain izanen dira bere ondoan, UPNtik, Leopoldo Jaen. Hain zuzen, horiek izanen dira, alkateordeak eta Biltzar Ttipia osatuko dutenak.
Barne-gaietaz, Ogasuna eta Kontuen zinegotzi ordezkaria Aldako izanen da, Garde eta UPNko bi zinegotzi egonen dira berekin. Hirigintza eta Etxebizitzaren ardura Agustin Olaberen eskuetan izanen da, Remigio Lizasoain eta UPNko bertze birekin. Abeltzaintza eta Mendiak Jon Dufurrenaren ardurak izanen dira, eta honek Lizasoain eta bi erregionalista izanen ditu ondoan. Obra Publikoak eta Ingurumenaren ordezkaria Lizasaoin izanen da, eta berekin Aldako eta UPNko bi. Gizarte Ongizatea, Kirola eta Euskara Rakel Goñirenak izanen dira, Garde eta UPNko bi ordezkarirekin. Hezkuntza, Kultura eta Turismoko ordezkaria Garde izanen da, Agustin Olabe eta UPNko birekin. Sustapen sozioekonomikoaren ardura, Martin Garderen esku gelditu da, Aldako eta bi erregionalista izanen ditu ondoan. Osasun Batzordea UPNri eskaini zitzaion, baina honek ezezkoa erran, eta Santi Aldakok zuzenduko du, Rakel Goñirekin. UPNk ere bere ordezkariak izanen ditu. UPNk astelehen honetan aukeratzekoak zituen bere batzordekideak.