Laxoa elkarteak euskal pilotako modalitate zaharrenetakoa mantendu eta sustatzea du helburu eta hori dela eta, erakusketa zabaldu zuen ostegunean Iruritako gizarte bilgunean. Bertan historia eta joko luzearen aldaerak eta momentu berezi eta gogoangarrienak biltzen dira.
Erakusketa ikusgai egonen da abuztuaren 5a arte eta gero Erronkarira eramango dute Julian Gayarre tenoreak oparitu zuen enparantzaren inaugurazioan.
Orain 3 urte sortu zen erakusketa jartzeko ideia, Laxoa elkartean 25. urteurrena ospatu zuenean. Ibiltari izaera du eta pilotarekin erlazioa duten festetan, kultur asteetan, pilota txapelketetan egoteko asmoa du eta gehienbat modalitate zaharrenetakoa erakusteko asmoz.
0,80x2 metrotako 15 panelez osatua dago eta Juan Angel Perotxena elizondarrak diseinatu ditu euskara, gaztelera eta frantsesez idaztitako testuekin.
Momentuko ibilbidea zehaztua dago eta Erronkarin Julian Gayarrek eskaini zuen plaza berreskuratu ondotik, inaugurazio ekitaldirako aprobetxatuko dute. Gero Ziburura eramango dute, bertan ospatzen baita udan guante txapelketa eta segidan, Hondarribi, Oitz eta bertze hainbat herritara.
Inaugurazio ekitaldian parte hartu zuten Martin Garde Baztango udaleko kultura zinegotziak, Peio Obregozo Iruritako alkateak, Alberto San Miguel Oizko alkateak, Oscar Mindegia Doneztebeko udaleko kirol zinegotziak, Javier Beriain Nafarroako pilota federazioko ordezkariak eta Izaskun Abril eta Arantxa Arregi Cederna-Garalur garapen agentziaren teknikariak.
Erakusketa asteburutan bisitatu ahal izango da eta osagarri zenbait baditu: Doneztebeko “botillo” historikoa, gordetzen diren zaharrenetakoa, guante mota ezberdinak, pilotak eta Kanariar irletan jatorria duen bertze “botillo” bat. Bertan joko zuzeneko modalitate bat jokatzen da eta baita Valencian ere.
Erakusketa lehen pausu garrantzitsua da joko luzeko museoa lortzeko. Horixe da Laxoa elkartearen ametsa eta baita zaletuena ere.