Baztandarren Biltzarra besta baino zerbait gehiago da, eta gehiago izan nahi du. Hau da betiko borroka. Baztandarren Biltzarra besta aitzinet ateratzen da, baina beti bada nahi bat, ez dadila egun indartsu soil batean geratu. Azken urteetan neguan lanean ari dira bizitza kulturala apalago dagoenean, eta antzerkia, ikastaroak, lehiaketak eta abar egin dira. Bestak diru pixka bat ateratzeko aukera ematen du eta hori kulturan inbertitu nahi dutela garbi du elkarteak.
1963. urtean ospatu zen lehen aldiz eta 44 urte hauetan 3tan huts egin du. Bitan antolaketa arazoak izan zirelako eta beste batean, arrazoi politikoengatik.
Iaz elkarteak deialdia egin zuen. Antolaketaz arduratzeaz gain, ostatuko txandak ere beregain hartu behar izaten zituzten eta herritarrei eskatu zieten lanean gehiago parte har zezaten. Erantzuna bikaina izan zen eta 2 urtetarako txandak osatu ziren.
Badaude beste atal batzuk bultzada bat behar dutenak eta horien artean bazkarirako zerbitzariena dago. Jendeak ez du lan hori egin nahi eta 1.600 lagun artatu behar dira. Profesionalizazioa ekidin nahi du elkarteak eta ez dute nahi holako besta herrikoi batean kanpotarrak zerbitzatzen aritzea. Zentzu herrikoi hori galtzea pena ematen die.
Elkartea batzordeetan eratua dago eta hauek urtarrilerako lanean hasten dira, nahiz eta besta uztailean izan.
Batzorde ezberdinez osatua dago elkartea:
-Taberna: garrantzi bikoitza du honek. Autofinantzatzen da neurri handi batean eta diru-iturri nagusia da. Bestalde, giro bikaina sortzen du herri erdigunean.
-Tonbola: bestaren beste diru iturri nagusienetakoa da. Bertako denda, artisau eta enpresek ematen dituzte sariak eta Baztandarren Biltzarra elkarteak sari piloak jartzen ditu. 12.000 txartel jarri ziren salgai eta 15 egunez denak saldu ziren. Sari zuzena ez dutenek 1.400 euroko sari baten zozketan sartuko dira.
-Bazkaria: patata tortila, piperrada, oilaskoa patatekin eta postrea izaten da eguneko bazkaria. Piperrada ezik, gainerakoa katering batek ekartzen du.
-Serbitzariak: 1.600 lagun horiek zerbitzatzeko zerbitzari eta mahai buruak behar dira.
-Artisauak: arrakasta handia izaten du txoko honek. Goizetik egoten dira eta elkarteak eskatzen dien baldintza bakarra, bertan lanean aritzea da.
-Desfilea: dantzari, musikariez gain, orga apainduek garrantzi handia hartzen dute. Astebete lehenago herriz herri joaten dira orgak egin daitezen jendea animatzen.. Azken urteetan konzientzia hartu dute herri eta kuadrilek eta desfile onak ikusteko aukera izaten da.
-Kamiseta eta materiala: haur eta helduentzat materiala salgai jartzen dute.
-Irudia: kartela oinarri hartuta, irudi oso bat ematen saiatzen da.
-Sukaldea: lehenago dena bertan egiten zen, baina gaur piperrada bakarrik egiten da. Horretarako besta baino aste bat lehenago jendea elkartu eta osagai guztiak prestatzen dituzte.
Bazkarirako txartelak ostegunean salgai jarriko dira elkartearen egoitzan arratsaldeko 17.00etatik aurrera. Zenbait urtez erreserbak onartu izan dira, baina gaur egun, interesa duenak bertara joan beharko du. Txartela 18 eurotan salgai dago.
Eguraldiak mota honetako bestak baldintzatzen ditu. Elkarteak euria egin ezkero, larrialdi plana prest izaten du. Hala, bazkaria frontoian eta Merkatuko plazako gorapean egin beharko litzateke, denak ez baitira frontoian sartzen.
Larunbatean hasiko dira ekitaldiak. Los Incansables txarangak herria alaituko du eta dantzaldia izango da Laiotz taldearekin. Garbi dago besta igandean dela eta giroa aprobetxatzea ongi dagoela, baina karpa goizeko 5etarako itxiko dute.
Igande goizean bolondresek bazkarirako mahaiak prestatuko dituzte.
10etan artisauen erakusketa hasiko da eta 11:30ean orga apainduen desfilea. Iaz ordu erdi bat aurreratzea erabaki zen, orga apainduen kopuru handia dela eta, aunitz gibelatzen baitzen bazkariaren hasiera. Behin bukatuta, mutil-dantzak izango dira Foruen enparantzan.
14.30ean herri bazkaria izango da Merkatuko plazan. Bertsolariak, txistulariak, Josune Makibar eta Jon Irazoki, muxikoak, larrain-dantza eta Trikidantz taldearekin erromeria izango da. 20:00etan giroa Foruen enparantzara pasako da, bertan izango baita dantzaldia Laiotz taldearekin.
Bazkal ondoren, orga apainduen sari banaketa egingo da. Elkarteak herritarrak aukeratzen ditu epai mahaia osa dezaten eta beraiek erabakitzen dute nork izango den garaile. 3 sari banatzen dira, baina orga guztiek 300 euro jasotzen dute gastuak estali ahal izateko. Elkarteak orga guztiek saria merezi dutela uste du, parte hartzea baita bultzatu nahi dutena.
Hortaz, hitzordu garrantzitsuenetakoa bizi ahal izango dugu heldu den asteburuan Elizondon.