Baztanen uztaila eta abuzturako kultur agenda prest

TTIPI TTAPA 2007ko uztailaren 10a

Nahiz eta udan sartuak egon, eta udazken-neguko erritmoa jautsi, Baztango udalak egitarau zabala prestatu du uztaila eta abuzturako.

Ikastaroei dagokionez, grabatze eta estanpatze tailerra bukatu bada ere, abuztuan Baztango paisaiak izenekoa emanen da. Urtero moduan, Erratzuko Jose Mari Apezetxea eta Elizondoko Tomas Sobrino margolariek zuzenduko dute. Abuztuaren 3an hasi eta 31ean akituko da, eta astelehen, asteazken eta ostiraletan elkartuko dira goizeko 10:00etatik 13:00etara. 25 lagunentzako tokia bada eta kontutan izanta aunitz jendek parte hartzen duela, izena lehen bai lehen eman behar da. Bertakoek lehentasuna izanen dute.

Haurrentzako aisialdi udako programa ere garatzen ari da. 3 eta 12 urte bitarteko haurrei bideratuta dago eta Lekaroz, Erratzu eta Elizondon eginen da. Lehen txanda Lekarozen da eta uztailaren 2an hasi baziren, ostiralean emanen diote amaiera. Erratzun uztailaren 16tik 27ra eginen dute, eta Elizondon, uztailaren 30etik abuztuaren 10era. Goizeko 10:30ean elkartu eta 13:00ak arte egoten dira.

Erakusketei gain begirada eman diezaiegun. Arizkunenea kultur etxean Juan Gorritiren eskultura erakusketa bisita daiteke abuztuaren 31 arte, Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleek Elizondo, Aniz, Berroeta eta Zigako arkitektura lanei buruzkoa uztailaren 20 arte. Tomas Sobrinoren pintura erakusketa irailaren 2arte eta Teresa Lafraguarena abuztuaren 31 arte. Ordutegia, arratsaldeko 18:00etik 21:00era izanen da.

Udako zinearen azken emanaldiak egiten ari dira. Dagoeneko Mixina eta “Tu la letra, yo la musica” eman dituzte uztailean eta geratzen direnak, “The Guardian”, “Spiderman 3”, “Cerdos Salvajes” eta “Piratas del Caribe 3: en el fin del mundo”. 2007ko Arte eta kultura programaren barne antolatzen du Nafarroako Gobernuak. Elizondoko Merkatuko plazan eskaintzen dira gaueko 22:00etan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun