Gan den urrian, Basaburuako herrietan (Almandoz,Berroeta,Aniz eta Ziga ) ikasle kuadrila haundi bat beren karpeta haundiak eta argazki kamarak eskuetan ikusi genituen, eta orain etorri dira emaitzak. Baztango Udalak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU)sinatutako hitzarmen baten bidez, Baztan, XXI. mendea izeneko erakusketa paratu dute Arizkunenean.
Baztango hirigintzaren garapena oinarri hartuta, EHUko arkitektura ikasleek egindako proposamenak dira erakusketan bildu dituztenak, planoak zein maketak. Proiektuen artean, Elizondoko Foru Plazaren inguruan egindako hainbat aukera ageri dira, egin baita Basaburua aldeko garapena indartzeko proposamenak ere. Egindako lanen artean nabarmendu direnak aurkeztu zituzten ekainaren 23an. Saridunek Baztango landetxe batean asteburu bat pasatzeko aukera izanen dute.
Akordio hau ez da berria, izan ere, lehenago Amaiurko herrian antzerakoa egin zuten. Nafarroako Unibertsitateko Arkitektura eskolarekin sinaturiko akordioan oinarrituta, herriari haunditzeko zein aukera egon daitezkeen aztertu zuten ikasleek. Lanak, ikusgai daude Amaiurren.
Ondotik Elizondo eta Irurita arteko hiru kilometrotan bertze proiektu bat etorri zen. Arizkuneneako lehenbiziko pisuko pasiloetan dago ikusgai egitasmoa. Eta orain, leku berean Basaburua eta Elizondoko plazako proposamenak daude ikusgai.