Turismo profesionalek Aniz eta Zigako landa etxeen ekintzak ezagutu dituzte

Goizalde URDANPILLETA 2007ko uztailaren 2a

Eskualde osoan zirkuitu bat eratzea litzateke ideia

Udan Baztan-Bidasoa eskualdera hurbiltzen diren bisitari eta turista kopuru handia ikusita, iaz Hiruak-Bat landa etxeen elkarteko, Anizko Jauregia eta Zigako Aldekoetxeberria, Etxezuria eta Ostatu Zaharra landa etxeek zenbait ekintza antolatu zituzten.

Harrera ona izan zuten eta eskualdeko sektore turistikoko profesionalek ezagutu nahi izan dute. 30 pertsona inguruko talde batek bi herriak bisitatu, bere inpresioak konpartitu eta Baztan-Bidasoa osora mota honetako ekimenak zabaltzeko aukera aipatu zuten.

Ziga eta Anizen bisita gidatuak herriko bizilagunek egiten dituzte eta hauetan historia, ohiturak, kultura eta bizimoduaren berri ematen da. Herri hauen ezaugarri eta antolakuntzaren interpretazioa egiten laguntzen da eta bizilagunek jasan duten garapenaren adibide gisa, ohiko behitegi bat eta ustiapen moderno bat bisitatzen dute, non behiak jezteaz gain, esne hori gazta eta yogurtan eraldatzen den. Bisitaldian etxeen, izenen, auzolanaren, batzarraren eta bertze zenbait gauzen garrantzia azpimarratzen da. Denboran gibelera egiten da egungo egoera hobeki ezagutu eta ulertu ahal izateko.

Baino bada bertze aukera bat, eta honek ustiapena ikusi eta ohiko jatordu bat egiteko bidea ematen du.
Hirugarren eskaintza batek gastronomiarekin lotura du. Baztan-zopak dastatzen bai dira. Zopa izena hartzen duen arren, sardea beharrezkoa da jan ahal izateko.

Aniz eta Zigako landa etxe hauen ekimena Baztanen bertze aukera osagarriak eskaini asmoz sortu zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun