Mikel Goñi pilotari oronoztarrak 2 urte eta erdiko kontratua sinatu du Asperekin. Lau hilabetez prestakuntza berezia segitu eta gero, Eibarko enpresara itzuli da, eta heldu den igandean Lasa III.arekin batera, Eugi eta Laskurainen aurka arituko da Astelena pilotalekuan.
Bi urte pasa dira Aspek Mikel Goñirekin zuen kontratua hautsi zuenetik. Han artean oronoztarra Ordago enpresarekin aritu da, baina maila hoberenera itzultzeko gogoa zuen, eta Fernando Vidarte Eibarko enpresaren arduradun nagusiak bigarren aukera eman dio. Horretarako kiloak galdu behar izan ditu, eta prestaketa berezi bat segitu Aspeko entrenatzaile baten eskutik.
Bere ingurukoak dira Fernando Vidarterengana joan bigarren aukera baten eskatzera. Aspeko zuzendariak ados agertu da, baina prestaketa fisikoa segitzen bazuen. Oronoztarraren ustez, pilotalekuetara jendea erakartzeak bere alde egin du bigarren aukera baten emateko erabakitzearen orduan.Asperen baiezko izan eta, Goñi II.ak lan egin behar izan du. Lehen urratsa pisua galtzea izan da, 3 hilabetez 18kg galdu ditu. Ondotik goi mailan dagoen abiadurari egokitu behar izan du baita erabiltzen diren pilotei ere.
Bi urte eta erdiko kontratuarekin gauzak lasai ikusten ahal dituela eta, zuhurtasunez jokatu nahi du eta urratsez urrats ibili. Txapelketa nagusietan sartzeko gogoa du, eta bat irabaztekotan buruz burukoa hautatuko luke, baina erran digunez 4 1/2ko edo binakako batekin konformatuko litzateke.
Kirol kontuak alde batera utziz, alde ekonomikoaz galdetu diogu. Zehaztasunetan sartu gabe erantzun digunez, eskaini dioten kontratua, berak uste baino hobea izan da.