Baztandarren Biltzarrerako dirua biltzeko tonbolako boletoak salgai

Maite Oteiza 2007ko eka. 22a, 15:19

Urtero bezala, uztailaren 22an eginen den baztandarren besta haundirako tonbola antolatu du Baztandarren Biltzarrak. Sari zuzenak bi motatakoak dira: batetik, Baztango denda, jatetxe, artista eta abarrek emandako produktuak, eta bertzetik, Baztandarren Biltzarrak berak jarritakoak. Gisa berean, sari zuzenik ez duten boleto guztiek uztailaren 22an eginen den zozketan parte hartuko dute. Kasu honetan, saria dirua izanen da (1.200 euro inguru). Antolakuntzak jakinarazi duenez, boletoak dagoeneko salgai daude ohiko lekuetan, euro baten truke.

Bertzalde, kamisetak ere salgai paratu dituzte dagoeneko, helduentzat eta haurrentzat modelo ezberdinak. Salgai egonen dira, Elizondoko Txokote Ostatuan, Erratzuko Zubipunta ostatuan eta Oronoz-Mugaireko Oskorri dendan. Horrez gain, larunbat goizetan Baztandarren BIltzarraren Elizondoko egoitza ere irekiko dute kamisetak saltzeko. Gisa berean, aurten lehenbizikoz, txapak ere atera dituzte euroaren truke.

Azkenik, aipatu, heldu den astean, uztailaren 7an, itxiko dutela Baztandarren Biltzarreko kartel lehiaketaren erakusketa. Bitartean aurkeztutako lan guztiak Arizkunenean egonen dira ikusgai.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun