Dagoeneko uda gainean dugu baita horrekin batean ospatzen diren herriko bestak ere. Herri batzuetan dagoneko ospatu badituzte ere, hemendik aitzinera zoko guzietan izanen dira. Heldu den egun hauetan Arizkungo txanda izanen da.
Arizkunen, besteei hasiera emanen dien su-ziria ortzegun eguerdiko 12:00etan piztuko dute, eta hortik aitzinera, lau egunez ez da ekitaldirik faltako besta egiteko. Txupinazoa bota eta ordu bat beranduago Arizkunen hain famatua den Txopoa goratuko da, eta ondotik horretan parte hartu duten guziek elkarrekin bazkalduko dute. Arratsaldeko 17:00etatik aitzinera kirol saioa eginen da herriko plazan, eta ondotik Baztanzopak jateko eta bertso saio entzuteko aukera izanen da. Bazterrak alaitzeko eta jendea dantzarazteko, Iñazki taldeak bi emanaldi emanen ditu, lehena arratsaldeko 19:30ean eta bigarrena gauerditik aitzinera. Ortzirala haurren eguna izanen da, eta hori dela eta, hauei zuzendutako hainbat ekitaldi prestu dituzte egun guzian, goizean ginkana, eguerdian haurren bazkaria eta arratsaldean jokoak, puzgarriak eta txokolatadak. Arratseko 21:30ean mutil dantzak eskainiko dira plazan. Dantzaldia Tximeleta taldearen esku izanen da, bezperan bezala 19:30ean eta 12:00etan. Larunbata, San Juan Egunaren bezperan, ekitaldi nagusia zikiroa jatea izanen da. Hala ere, horren aitzinetik mus zaleek txapelketan parte hartzeko aukera izanen dute. Arratsaldeko 18:00etan irri egiteko aukera izanen da zerrikume harrapatzea antolatu baitute. Ilunabarrean kanpaiak joko dira eta San Juan suak piztuko. Garren gainetik saltoka herriari itzulia eman ondotik, dantza herrikoien saioa eskainiko da, eta ondotik dantzan segitzen ahalko da Tximeleta taldearekin. San Juan eguna, herriko nagusiarena, besten azkena izanen da. Ohiturak dion bezala, goizean meza nagusia eskainiko da eta ondotik erraldoiek herrian barna ibiliko dira. Eguerdian bertan bazkaldu nahi dutenentzat luntxa eskainiko da. Arratsalderako artisautza feria prestatu dute eta ondotik pilota partida. San Juan eguneko dantzaldia Agerralde akordeoilarien esku izanen da. Goizaldean besteei bukaera emateko txopoa botako dute.