Azkenean denboraldi borobila burutu dute Baztango futbolariek

Utzitako argazkiak 2007ko ekainaren 20a

Utzitako argazkiak

Kopako finalean 3 eta 0 nagusitu ziren Urantzia taldearen aurka

Gora beheraz beteriko urtea izan da Erregional Mailan jardun duen Baztan Kirol Elkartearentzat. Denboraldi hasieran helburu nagusia Preferente mailara igotzea zen azken bi urteetan igoeraren ateetan gelditu ondoren. Talde ederra bazen ere, baja eta lesio larriek eraginda, jokalari kopurua, eta ondorioz, entrenamentuen kalitatea ere jautsi ziren. Guzti honi, liga hiru hilabetez erabakitzen dela gehitzen badiogu (lehen fase hau eta gero erabakitzen da ze taldek jokatuko duten Preferenterako igoera fasea) aurtengo denboraldiaren hasiera eskasa ulergarriagoa egiten du. Azkenean, lehen fasea igoera jokatzea ahalbidetzen zuten postuetatik puntu bakar batera gelditu ziren baztandarrak. Kolpe gogorra izan zen, taldea moralki oso ukitua utzi zuelarik. Hortik aurrera, Nafarroako Kopa jokatzea egokitu zitzaion. Hasiera batean taldeak ez zuen aparteko motibaziorik erakutsi konpetizio honetan, baina pixkanaka, eta jokalariak berreskuratzen joan ahala, forman jartzen hasi ziren eta benetan zuten maila ematen.

Garrantzi handia izan zuen ere talde jubenilak bere liga amaitu izana, talde horretako hainbat jokalari lehen taldearekin entrenatzen eta jokatzen hasi baitziren. Behin normaltasunera bueltatuta, Kopako lehen fasea multzoburu amaitu zuten, eta ondotik final laurdenak eta finalerdiak nahiko errex gainditu zituzten Mirandako Castillo eta Iruñako San Ignacio taldeen aurka hurrenez hurren. Horrela, gan den larunbatean finala jokatzeko aukera izan zuen Los Arcos-eko Urantzia taldearen aurka. Ia 300 pertsona bildu ziren Taxoaren partidua ikusteko. Baztandik jende kopuru andana hurbildu ziren, zuzendaritza batzordeak jarritako autobusa ere lepo bete zelarik.

Partiduari dagokionez, tentsioz beteriko partidua izan zen, eta jokamolde ezberdinak erakutsi zituzten, alde batetik baztandarren gaztetasuna, eta bertzetik Urantziakoen esperientzia. Hasiera-hasieratik, baztandarren nagusitasuna argi gelditu zen, hegaletatik nahi zuten bezala arriskua sortuz, eta atzealdean inolako arazorik izan gabe. Hala ere, lehen zatian ikusi zen gol bakarra, landutako korner baten ondorioz erdietsi zuten baztandarrek Patxi Barberenaren burukada bikain baten bitartez. Partidua kontrolpean bazegoen ere, nagusitasuna markagailura eraman beharra zegoen, baina ez zituzten izandako aukerak gol bihurtu lehen zati horretako azken minutuetan. Atsedenalditik bueltan, Urantziak arrisku gehiago hartu zituen markagailua irauli nahian, eta Baztan-ek ederki baliatu zuen aukera hori kontraerasoan bertze bi gol eginez. Ioritz Mitxeltorena eta Aletxu Mota izan ziren festa baztandarren ikusleen artera eraman zutenak. Hortik aurrera ez zen aparteko gauzarik jazo. Urantziakoek etsita, partidua zakartzen eta berotzen saiatu baziren ere, baztandar gazteak ez ziren probokazioetan erori eta abantaila mantentzen saiatu ziren. Azkenean markagailua bere horretan gelditu zen, eta epailearen azken txistu hotsarekin batera, festa eta algara nagusitu ziren baztandarren artean. Amaiera borobila izan zen erdipurdi hasitako denboraldi batentzat, batez ere jokalarien jarrera saritzen eta hurrengo denboraldiari begira aparteko motibazioa ematen duena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun