Bidelagunek, laguntza emaile taldeak, adineko pertsonei buruzko sentsibilizazio kanpaina hasi du Baztanen. Iraila arte, “Etorkizunik? …Zure esku” lelopean, herriz herri ibiliko dira herritarrengan adinekoen bizi baldintzaz gogoeta pizteko asmoz.
Baztan, Urdazubi eta Zugarramurdiko biztanleriaren zahartzeak eragiten duen egoeraren berri ematea beharrezkoa iruditu zaio Bidelagun taldeari. Gaur egun, hiru udal hauetan bizi diren 8.400 lagunetatik %23k (1.900 pertsona) 65 urte baino gehiago dute. Gisa berean, horietatik 300ek 85 urte baino gehiago dute. Bidelagun elkartetik jakinarazi dutenez, xahar gehienek haien etxeetan bizitzen segitu nahi dute, haien familietan. Izan ere, gizartearen aldaketa dela eta, familiak ttikitu dira, eta gehienetan bi gurasoek lan egiten dute. Horretaz gain, ohartu ahal izan diren bezala, zaintzaileak emakumeak izaten dira gehienetan. Bestalde, Bidelagun taldearen ustez, erresidentziek ez diete gaur egungo beharra eta nahiari erantzuten.
Argazki hau ikusi eta, Bidelaguni behar beharrezkoa iruditu zaio gaiari erreparatzea baliabideak egokituak izan daitezen, eta aldaketa prozesuan gizarteak parte har dezan. Horretarako, oraingoan ez dute hitzaldirik antolatuko. Holakorik egin beharrean, Baztango herri guzietan, Urdazubin eta Zugarramurdin banderolak paratuko dituzte, aldizka. Horretaz gain, sentsibilizazio kanpaina etxe guztietara heltzeko, Mario Benedettiren poema bat bidaliko dute postaz.
Uztailaren 2a arte Elizondon arituko dira, eta hortik aitzinera Azpilkuetan Bozaten eta Anizen, bi astez. Abuztuan, Oronoz, Amaiur, Ziga, Lekaroz, Erratzu, Arizkun eta Almandozen ibiliko dira, eta azkenik, iraileko lehen bi asteetan Arraiozen eta Gartzainen.