Berrogeita hamabi ziurtagiri banatu dituzte Baztanen

ttipi-ttapa 2007ko ekainaren 14a

Horietariko 9k lehen aldikoz eskuratu dute Bai Euskarari Ziurtagiria

Joan den larunbat eguerdian Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Bai Euskarari Ziurtagiriak banatu zituen Baztango 52 saltoki, enpresa eta bestelako erakundeei. Arizkunenea Kultur Etxean egindako ekitaldian, euskararekin konpromisoa hartu dutenek ziurtagiria eskuratu zuten Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiaren eskutik.

Baztanen Bai Euskarari Akordioa abian jarri zenetik lau urte pasatu dira, eta aipatu bezala, aurten 52 entitateek jaso dute ziurtagiria, eta hauen artean 9k lehen aldikoz. Joan den martxoan, Udalak berak euskarekiko duen konpromisoa berretsi zuen Kontseiluarekin zuen hitzarmena berrituz. Duela 7 urte hasi zirenetik, Euskal Herrian 1500 entitatek lortu dute ziurtagiria, eta gero eta herri gehiagok parte hartzen dute proiektuan.

Larunbateko ekitaldian, Baztango eragileek egindako lana aitortu nahi izan zen, eta horregatik, hitza eman zitzaien. EHNE sindikatuko ordezkaria den Itsaso Alemanek Euskararen sustapenean gogor jarrai dezala eskatu zion Kontseiluari, eta eguzkiaren irudia erabiliz, “gu gara, guztiok elkarrekin, euskararen eguzkia pizten dugunok”, erantzun zion Xabier Mendigurenek. Virginia Aleman Baztango alkateak ziurtagirien garrantzia aipatu zuen, bere ustez, merkataritza, zerbitzuak eta enpresa mundua baitira gaur egungo euskararen erabilera sozialaren oinarriak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun