Magna BKTk bertze bi jokalari fitxatu ditu

ttipi-ttapa 2007ko ekainaren 13a

Kinga Toth hungariarra eta Larisa Shumilova turkmenistandarra Baztango taldean arituko dira heldu den denboraldian

Magna BKT Eskubaloi taldeak bertze bi fitxaketa burutu ditu joan den asteburuan. Oraingoan pibote eta eskuin lateraleko postuak azkartu dituzte heldu den urtean ohorezko mailara igo ahal izateko.

Pibote berria, Kinga Toth hungariar gazteak 1,71ko altura eta 70 kg ditu. Azken bi denboraldietan Espainiako Estatuan aritu da, 2005 eta 2006ko denboraldian, lehen mailan aritzen den Marina Park taldean, eta 2006-2007ko denboraldian, ohorezko mailan aritzen den Vicar Goya taldean. Ordu arte Hungariako ohorezko mailan aritua zen. Joxe Iturzaeta taldeko Zuzendari teknikoak jakinarazi duenez, ekarrarazi nahi izan dute 6 metrotan hutsuneak bilatzen abila delako, eta defentsan ere ederki moldatzen delako.

Aipatu bezala bigarren fitxaketa, 19 urte baizik ez dituen Larisa Shumilova Turkmenistandarra, eskuineko lateralean arituko da. Gaztea bada ere, dagoeneko bigarren denboraldia izanen du herritik kanpo. Joan den denboraldirako Austriako Hypo talde indartsuak fitxatu zuen, baina martxoan Italiako ohorezko mailan aritzen den Sassari taldeari utzi zion. Azpimarratzeko da ere, 17 urte zituenean Turkmenistango ligako goleatzailerik onena izan zela. Azken bi aste hauetan BKTko taldean probak pasatzen ibili da, eta azkenean bi alderdiak, taldea zein jokalaria, 2 urteko akordio batera ailegatu dira.

… eta bertze hiru fitxaketa egin nahi dituzte oraindik

Heldu den urtea prestatzeko dagoeneko bost fitxaketa burutu ditu Baztango taldeak, Ttipi-Ttapak jakin ahal izan duenez, bertze hiru fitxaketa egin nahiko lituzke, atezain bat, zentral bat eta ezker hegaleko jokalari bat. Batzuei gehiegi irudituko zaie, baina bestalde, heldu den denboraldian taldea utziko duten jokalariak 8 dira, Svetlana Bogdanova, Lucia Parini, Lucia Fernandez, Cristina Veszeli, Bettina Palotas, Jaione Larre, Andrea Rodriguez eta Ainara Unanue.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun